Lazkaora azoka itzuliko da astelehenean
Udalak segurtasun eta higiene bereziak iragarri ditu: ordutegi murritzagoa, soilik hamar postu egongo dira eta edukiera mugatua egongo da.
Lazkaoko udalak asteroko azoka berreskuratzea erabaki du. Datorren astelehenean izango da lehen azoka, baina segurtasun neurri zorrotzagoekin. 09:00etatik 12:30etara mugatu dute ordutegia, hamar postu egongo dira eta udal langileek jendearen sartu irtenak kontrolatuko dituzte edukiera gainditu ez dadin.
Kepa Zubiarrain alkateak aipatu du ekoizleak eta lehen sektorea babestu eta indartu nahi dituztela neurri honekin. “Tokiko produktuak eta zerbitzuak kontsumitzearen garrantzia azpimarratzea beharrezkoa dela uste dugu”. Udalak martxoaren 14an erabaki zuen asteleheneroko azoka bertan behera uztea, baina Eusko Jaurlaritzak azoken debekuarekin atzera egin ostean eta oinarrizkoak ez diren jarduerak martxan hasi direla ikustean berreskuratzea erabaki dute.