Ordiziako udalak 200.000 euroko partida onartu du pandemiak eragindako beharrei erantzuteko
Ordiziako Udalak atzo onartu zuen aurtengo aurrekontua. Egoera berrira egokitu beharko da, itxialdia hasi aurretik adostu baitzituzten.
Ordiziako udalbatza telematikoki batzartu zen atzo eta 2020ko aurrekontuak aho batez onartu zituzten. Halere, batzarrean aipatu zen egokitu egin beharko direla, aurreikuspenak berrogeialdia hasi aurretik egin baitzituzten. “Edonola ere, ezinbestekoa zen Ordiziako Udalak aurrekontua onartua izatea, dagoeneko ditugun konpromisoei erantzuteko, eta aurrera jarraitzeko lan-tresna behar-beharrezkoa delako”, diote udaletik.
Lehen aldaketa batzuk, baina, sartu dituzten aurrekontuan. Hala, 200.000 euroko partida bat aurreikusi dute pandemiak eragindako kalteei eta beharrei erantzuteko. “Helburu edo xede finkorik ez duen partida bat da, kontingentzia edo aurreikusi ez diren gertakizun berriei erantzuteko erabiliko dena, egoera honetan ezinbestekoa”. Halaber, udal gobernuak ordezkari politiko guztien jarrera eskertu nahi izan du halako egoeran egindako esfortzuagatik. “Esfortzua, alde batetik halako salbuespen egoeran plenoa burutu ahal izanagatik, eta esfortzua, krisi honen aurrean iritzi ezberdinen arteko eztabaidak atzeratzeagatik. Ez da eztabaida garaia, ordiziarren lehentasunei erantzun eta indarrak batzeko garaia da”.