'Txips' menestra
Ordiziako Pottoka kafetegia bere pintxoengatik da ezaguna. Baina bestelako platerak ere eskaintzen dituzte. Alaitz Zurutuza sukaldariak errezeta hau proposatu du.
Osagaiak
- Orburuak
- Azenarioak
- Barrengorriak
- Urdaiazpikoa
- Zainzuriak
- Patata pixka bat
- Arrautza gorringoa
Prestaketa
Orburuak garbitu eta al dente egosi zortzi bat minutuz. Irinetatik pasa eta oliotan frijitu. Zainzuriak ere irinetatik pasa eta oliotan frijitu.
Urdaiazpikoa xehe-xehe egin ore moduko bat lortu arte eta labean erre.
Barrengorriak eta patata xerra finetan ebaki, eta azenarioak zerrendatan. Hauek ere labean sartu deshidratatu daitezen.
Aurkezpena
Orburua plateraren erdian eta inguruan gainontzeko osagaiak jarri. Arrautzari gorringoa bereizi eta orburuaren gainean jarri –honen beroa nahikoa du egiteko–. Ozpina, ziapea eta eztia nahasian duen ozpin-olioa gainetik bota.
Mokadu goxoak jateko lekua
Ordiziako plazako kantoi batean dago Pottoka kafetegia. Bertako sukaldean «bizitza osoa» darama Alaitz Zurutuzak, eta iazko maiatzaz geroztik berak du Pottokaren ardura.
Astelehenetik ostiralera eguerditan –osteguna atseden eguna da– eguneko platera eskaintzen dute, asteburuetan berriz, errazioak, entsaladak, plater konbinatuak, etxean egindako azkenburukoak… Eta pintxo ugari ere bai. «Astebururo saiatzen gara pintxo bereziren bat ateratzen», adierazi du Zurutuzak.
Garaian garaiko produktuak erabiltzen dira Pottokan, eta garrantzi handia ematen diote ingurukoak izateari: Iztuetako jogurt eta izozkiak, baserriko arrautzak, Lumagorri oilaskoa…
Pintxoetan, ganben broxeta, foiea, momentuan egindako tortillak aipa daitezke; errazioetan, albondigak, tripakiak, masailak…; plater konbinatuetan, itsas zapo eta ganben broxetak arrakasta handia du. Entsalada hotz eta beroak ere badituzte.