Atxilotua, Legazpin zortzi auto hondatu eta baserri batean indarrez sartzeagatik
Pertsona bat atxilotu dute Legazpin zortzi autotan kalteak egiteagatik eta Laubide auzoko baserri batean sartzeagatik
Legazpin 25-30 urte inguruko pertsona bat atxilotu dute zortzi auto hondatzeagatik eta Urtatzako landa baserrian indarrez sartzeagatik. Sei auto geltokiaren ondoan zeuden aparkatuta eta beste biak gaztetxearen ondoan.
Atxiloketa 08:30ak aldera izan da. Baserrian adineko bi pertsona eta zaintzailea bizi dira eta udaltzainek etxe barruan harrapatu dute. Bi ertzainen laguntzarekin, atxilotzea lortu dute. Atxilotua bere onetik kanpo zegoen eta asko kosta zaie atxilotzea. Udaltzain batek eta ertzain batek kolpeak jaso dituzte.
Udaltzainek eta ertzainek geltokitik gaztetxera joan dela uste dute eta handik Urtatzara. Gaztetxetik Urtatzara bide luzea dagoenez, hondatutako auto gehiago egon daitezkeela uste dute.