'Beasaingo azoka orain!' izenburupean, sinadura bilketa hasi dute Beasainen
Beasaingo alkateari eta udal gobernuari "azoka berriro ere martxan jartzea" eskatu nahi diote hainbat herritarrek, "beti ere, distantziak mantendu, garbitasun neurriak ziurtatu zein hartu beharreko osasun-neurri guztiak hartuta".
Beasaingo alkateari eta udal gobernuari astearteroko azoka berriz egiten hasteko eskatzeko, sinadura bilketa jarri dute martxan Beasainen, Beasaingo azoka Orain! lelopean. Izan ere, “Beasaingo udal gobernua azoka egitearen aurka dago. Dagoeneko lehentasunezkoa ez den industriaren jarduera baimenduta dago eta azokak egin ahal izango dira berriro ere. Hala ere, Jaurlaritzak azokak egiteko debekuan atzera egin badu ere, Beasaingo udal gobernuak ez du azoka egitea baimendu”.
Kanpainaren bultzatzaileen esanetan, “pertsonen joan-etorriak gutxitzea eta jende pilaketa saihestea. Horra azokak bertan behera uzteko Beasaingo udalak eman duen argudioa. Argudio eskasak; zergatik ez dira irizpide berberak baliatzen bestelako saltokiak (Eroski, BM, Carrefour, Coviran…) ixteko? Horietara joateko ez al da joan-etorririk egin behar? Barruan ez al da jende pilaketarik gertatzen?… Antza, tokiko nekazari txikien eta elikadura burujabetzaren aldeko politika egitea ez dira Beasaingo udal gobernuaren lehentasuna”.
Udalaren web orriko informazioari erreferentzia eginez, “azokara joaten diren ekoizleekin harremanetan jarraitzen du, eta duela aste batzuk hasitako etxez etxeko salmentako produktuen soberakinak erosteko konpromisoari eusten dio. Horrela, udal gobernuak Km 0 produktuak saltzen dituen ekoizlearen ekonomiari arnasa ematen diela esaten du. Baina ekoizleen egunerokoa oso bestelakoa da. Azoka debekatua dagoenez, erosleen etxeetara joan behar dute banan bana. Hori guztia antolatzeak 12 orduko lanaldia dakarkie. Hori dela eta, ekoizle batzuk datorren astetik aurrera adineko jendearengana baino ez dira joango”.
Ondorioz, “Beasaingo udal gobernua, baserritarren eskubideak bakarrik ez, beasaindar erosleen eskubideak ere urratzen ari da, herritar askok merkatu eta azoketan erosi nahi ditugulako “ezagunak eta gertukoak ditugun baserritarren produktuak”.
Eskaera
Horregatik guztiagatik, bi eskaera luzatu dizkie Beasaingo Alkateari eta udal gobernu taldeari. Batetik, “azoken eskumena udalarena denez, azoka berriro ere martxan jartzea, beti ere, distantziak mantendu, garbitasun neurriak ziurtatu zein hartu beharreko osasun-neurri guztiak hartuta”. Eta bestetik, “udal gobernuak segurtasuna bermatuz, azoka egiteko baimena ematea eta horretarako baliabideak (orain arte bezala) jartzea eskatzen dugu, bertan parte hartu nahi duten baserritarrekin”.
Sinadura bilketa
Honela, beasaindarrei herriko azoka babesteko deia egin die, #SOSBeasaingoAzoka kanpaina sare sozialetan “oihartzuna emanaz” eta avaaz.org orrian sinadura emanez.
Izan ere, kanpaina abiatu dutenen ustez, azoka irekitzeko “arrazoi ugari” daude. Batetik, “salmenta zuzeneko eredua bermatu eta, bertako ekoizlearen lan baldintza duinak ahalbidetzen ditu”. Bestetik, “ekoizle eta kontsumitzaileen harremana sustatzen du”. Horiekin batera, “gertutasunetik eta ingurumenari atxikirik lan egiten duen eta baliabideak modu iraunkorrean erabiltzen dituen ereduak bermatuko du etorkizunean erresilienteago, autonomoago eta ahaldunduago izatea”. Eta “herria bizirik mantentzeko ekimena” izatearekin batera, azoka “ez egiteak, saltoki handiekiko diskriminazioa” dakarrela uste dute.