Zumarragako Argixaon egoiliar bat hil da
Beasaingo Arangoitin eta Ordiziako San Josen desinfekzioak egin dira gaur, eta bihar Legazpiko Santa Kruzen egingo dituzte.
Gipuzkoako Foru Aldundiak berri eman duenez, Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan bi lagun hil dira azken orduetan, horietako Zumarragako Argixaon. Era berean, jakinarazi du gaur seik eman dutela positiboa Covid-19an, eta 10 lagunek gainditu dutela gaitza. Dagoeneko adineko 64 pertsona sendatu dira ere nabarmendu du.
Iturri ofizialek diotenez, 5.425 adineko artatzen diren Gipuzkoako 65 egoitzetan 127 pertsona dira orain arte hildakoak, 290k eman dute positibo Covid-19an eta 64 sendatu dira. Hamasei dira kasu positiborik ez duten egoitzak.
Desinfekzio lanak
Bestalde, adierazi du Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak inspekzioak egin dituztela gaur Gipuzkoako zortzi egoitzan –tartean ez dago Goierrikorik–, eta desinfekzio lanak egin dituztela Beasaingo Arangoitin eta Ordiziako San Josen. Foru suhiltzaileak, DYAko boluntarioak eta ekipo profesional espezializatuak aritu dira zeregin horretan. Bihar, besteak beste, Legazpiko Santa Kruzen egingo dituzte desinfekzio lanak.