Lide eta Amaia Erbina: "Lehiak pilatzea kaltegarria izango da guretzat"
Lide Erbina (Ordizia, 2001) eta Amaia Erbina (Ordizia, 1997) Espainiako selekzioko errugbi jokalariak dira. Itxialdiak nola eragin dien azaldu digute.
Noiz egin zenuten Ordiziara buelta?
A.E: Madrilen egoera larritu zenean, Blumeko egoitzan geunden, Consejo Superior de Deportes-en datozen txapelketak prestatzen. Egun batetik bestera, martxoaren 11an, erresidentzia itxiko zutela esan ziguten. Ordiziara bueltatu beharra izan genuen, han ezin ginelako gelditu.
Nola eragin dizue itxialdiak?
A.E: Argi dago itxialdiak gure entrenamenduei asko eragin diela. Guk errugbi entrenamenduak ezin ditugu etxean egin. Asko moldatu dira entrenamenduak: ez da berdina zelai batean 100 metro korrika ibiltzea edo etxean ariketak egitea. Muskulazio entrenamenduak ere guztiz aldatu dira. Gure helburua orain, forma fisikoa hobetzea izan ordez, sasoi hori ahalik eta gehien mantentzea da. Hala ere, argi dago ez dela posible, ezinezkoa da.
L.E: Taldeka burutzen den kirola izanik, taldekideekin ez entrenatzeak, zelaia ez zapaltzeak eta kontakturik ez izateak asko eragiten digu. Pertsona batzuek etxean gimnasio txiki bat dute, guk ez ordea. Ahal dugun moduan egiten dugu aurrera. Gure kasuan, zortedunak gara biok ibiltzen garelako elkarrekin entrenatzen.
A.E: Ikasketei dagokionez, ohituta gaude online klaseetara beraz, alde horretatik ondo.
Nolako kezkak dituzue?
L.E: Denboraldia hasten denean, txapelketa guztiak non eta noiz izango diren jakiten dugu, eta horren arabera gure kirol jarduera prestatzen dugu. Covid-19ak eragin duen larritasunarekin ez dakigu datozen txapelketak noiz ospatuko diren.
A.E: Europako txapelketa ez ezik, gure mailako txapelketa guztiak atzeratu dira eta horietako batzuk bertan behera gelditu dira. Orduan, datorren denboraldia hasten denean, irailetik aurrera, hainbat partida pilatuko zaizkigu. Errugbi 7ko eta 15eko mundialeko sailkapena eta World Seriak pilatuko zaizkigu epe laburrean. Oraindik ez dakigu nola antolatuko den hori dena. Lehiak pilatzen badira, agian ezingo ditugu bi modalitateak jokatu.
Kalera irteteko baimena jasotakoan, zer da egingo duzuen lehen gauza?
L.E: Paseo bat eman, kafe bat hartu eta lagunekin elkartu. Gehien gustatzen zaiguna errugbian jokatzea da eta hori somatzen dugu faltan gehien. Ahal dugunean Madrilera bueltatuko gara taldekideekin berriz ere elkartzeko.