Beasaingo Arangoiti egoitzaren egoerak hobera egin du
Beasaingo Udalak zabaldu duen albistearen arabera, Arangoiti egoitzako egoiliarren eta langileen positiboen kopurua erdira jaitsi da.
Azken egun hauetan, osasun-alarma hasi zenetik jasotako daturik onenak bildu dituzte Arangoiti egoitzan.
Egoiliar guztiei egin zaie kutsadura proba; batzuei bi test mota: odolekoa eta PCRa. Positibo eman zuten egoiliarrei bigarren proba egin eta guztiek negatibo eman dute. Egoiliarren artean hiru pertsona kutsatu eta bi ospitaleratu daude. Dagoeneko, zazpi pertsona hil dira Arangoiti egoitza koronabirusaz kutsaturik.
Langileei dagokionez, bakar batek eman du positibo azken probetan: “kasu positibo bakarrak negatibo eman du PCR testean, beraz, gaixotasuna pasatu duela suposatzen da”.
Gaur gaueko 23:00etan, suhiltzaileek zazpigarrenez desinfektatuko dute Beasaingo adinekoen egoitza. Suhiltzaileek astean behin burutzen zituzten desinfekzio lanak Arangoitin. Hala ere, gaur gaurkoz, lau egunetik behin desinfektatzen da egoitza, Beasaingo Udalak egindako eskaerarekin betez.