Aralarko larreak festarik gabe zabalduko dituzte aurten
Enirio-Aralarko Mankomunitateak jakinarazi duenez, maiatzaren 1eko Larreen Irekiera festa ez da ospatuko aurten, baina artzain eta ganaduzaleek animaliak larreetara igotzen hasi ahal izango dute.
Maiatzaren lehenarekin batera, Aralarko larreen irekiera festa ospatu ohi da urtero, Larraitzen. Aurten, koronabirusa dela eta, ezin izango da festa hori egin. Hala ere, Aralar Mankomunitateak jakinarazi du larreen benetako irekiera ez dela atzeratuko, eta ganadua Aralarrera igotzeko aukera izango dutela artzain zein ganaduzaleek.
Mankomunitateak bidali duen oharrean, Covid-19ak eragindako “Alarma Egoera indarrean dagoenez, eta egoera hori maiatzaren 10era arte luzatuko dela aurreikusita”, festa hori ospatu ahal izateko segurtasun neurriak bermatzea “ezinezkoa” litzatekeela dio. “Birusaren hedapena mugatzea ezinbestekoa bihurtu da, eta horretarako jende pilaketak ezinezkoak dira”. Larreen benetako irekiera, ordea, “ez da atzeratuko, abereak Aralarrera igoko dira”. Hori ikusita, festa bertan behera uztea erabaki dute, atzeratzeak zentzua galduko bailuke.
Aralarko larreak maiatzaren 1etik datorren urteko urtarrilaren 31ra arte egongo dira zabalik, nahiz eta abererik gehienak udazkenean jaisten dituzten. Guztira 130 abeltzainek egin dute ganadua mankomunitateko lareetara igotzeko eskaria aurten; horietatik 37 artzainak dira, mendian txabola dutenak; beste 35 behizalek eta 58 behorzalek ere egina dute eskaera. Denen artean, 17.311 ardi, 985 behi eta 862 behor igoko dituzte larreetara.