Beasaingo mugikortasunari buruzko hausnarketa egiten jarraitzeko galdetegia, 'online'
Mugikortasun Mahaia dinamizatzeko arduradunek galdetegia prestatu dute iritzi bilketarekin jarraitzeko. Beasaingo mugikortasun ohiturak hobeto ezagutzea eta bizilagunen iritzia jasotzea da galdetegiaren helburua.
Beasaingo Mugikortasun Jasangarrirako Mahaia lanean ari da, Beasaingo Udalak, gizarte-eragileek, entitate pribatuek eta bizilagunek elkarlanean. Otsaileko aurkezpenaren ondoren bigarren topaketa bat aurreikusita zegoen elkarrekin herriko mugikortasun arazoei buruz hausnartzeko. Baina “koronabirusarengatik ezarritako konfinamendua dela eta, aipatutako saio presentziala atzeratu egin da eta honen ordez galdetegi digital bat prestatu da”.
Beasaingo mugikortasun ohiturak hobeto ezagutzea eta bizilagunen iritzia jasotzea da galdetegiaren helburua. “Horregatik herritarren, tokiko eragileen eta mugikortasunaren inguruan zeresana duen edonoren iritzia eta laguntza ongi etorria izango da Beasaingo Udalaren webean mugikortasun mahaiaren atalean jarritako galdetegia betez, 5 minutuko lana besterik ez da. Galderak egoera normalarekin daude lotuta, egungo alarma-egoeratik kanpo. Galdetegira helbide honetan klikatuz iritsi daiteke”.
Galdetegiaren erantzunak bidaltzeko epea apirilaren 30ean bukatuko da. “Parte hartuko dutenen kolaborazioa eskertua geratzen da”. Gainera, “galdetegia ez da izango tresna bakarra iritzi eta proposamen bilketarekin jarraitzeko. On line bideo-dei bidezko taldeko bilerak zein bakarkako elkarrizketak burutzea aurreikusten da. Era berean irekita jarraitzen dute parte hartzeko orain arteko bideak, hala nola mugilasai@beasain.eus helbide elektronikoa eta udalaren sare sozialak”.