Lazkaon azoka egin dute gaur, segurtasun neurri bereziekin
Koronabirusaren krisia hasi zenetik aurreneko aldiz egin dute azoka Lazkaon. Hamar postu jarri dituzte, bertako elikagaienak. Maskarak, eskularruak eta gela banatu dituzte, eta segurtasun tarteak zaindu.
Koronabirusaren alarma egoera hasi zenetik etenda egon eta gero, bertako produktuen azoka egin dute gaur Lazkaon. “Segurtasun eta higiene neurri bereziekin” berreskuratu du feria udalak, horretarako plazako eremua hesituta. Maskarak, eskularruak eta gel desinfektatzailea ere jarri dituzte, eta “aforoa uneoro kontrolatuta” izan dute, distantziak mantenduz eta pilaketak ekidinez. Udaltzaingoa eta udal langileak aritu dira zaintza lanetan.
Ohiko azokaren aldean, 10 saltzailek jarri dituzte postuak, eta elikagaiak bakarrik jarri ahal izan dituzte salgai. Udalak azaldu duenez, “saltzaileak arduratuta agertu dira orokorrean, bizi dugun egoera honen aurrean, baina etorkizunari baikortasunez” begiratu nahi diote. Udalak “bertako produktuen kontsumoa bultzatu eta kontzientziazioa” indartzearen beharra azpimarratu du; “ekoizleak eta lehen sektorea babestu eta hurbileko produktuen kontsumoa sustatzen jarraitzeko helburu irmoa dugu”.