Ordiziako Udalak "neurri zorrotzekin" zabalduko du baratze parkea
Erabiltzaileek egindako eskaerari erantzuna emanez eta Kuxa Ekogunearekin adostuta, baratzeak zabaltzea eta neurri berriak ezartzea erabaki du udalak.
Covid-19 birusak eragindako larrialdi egoera dela eta, Ordiziako Baratze Parkea itxita dago martxoaren 12az geroztik. Orain ordea, araudietan izan diren azken aldaketak tarteko, Ordiziako Udalak atzera zabaltzea erabaki du, nahiz eta “segurtasun neurri zorrotzekin” egingo duen.
Udalak azaldu duenez, apirilaren 15ean argitaratu ziren Ertzaintzak eta Udaltzaingoak aplikatu beharreko eguneratutako irizpideak izan dituzte kontuan erabaki hori hartzerakoan, eta “erabiltzaileen eskaerari erantzuna” eman nahi izan dio, baratzeak berriz ere irekita. Erabakia, Kutxa Ekogunearekin batera adostua izan dela azaldu dute.
Arau horrek jasotzen duenaren arabera, baratzeetan dagoeneko landatuta dagoena jasotzeaz gain, erein ere egin daiteke, eta baita beharrezko mantenu lanak ere. Horretarako derrigorrezkoa da bertan egoteko “behar-beharrezkoa den denbora” bakarrik hartzea eta Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak betetzea.
Ordiziako Baratze Parkeko erabiltzaileek proposatutako protokoloa eta Kutxa Ekoguneak bidalitakoa aintzat hartuta, honako arauak zehaztu dituzte:
- Erabiltzaileak sintomarik badu, etxean geratuko da.
- Norberaren eta gainerakoen osasuna arriskuan ez jartzeko arretaz aritu eta pertsonen arteko gutxieneko 2 metrotako segurtasun tartea errespetatu behar da.
- Baratza bakoitzeko erabiltzaile bakar bat arituko da.
- Lanabesen biltegian eta aldageletan pertsona bakarra sartu eta sartu aurretik eta ondoren eskuak modu egokian garbituko ditu ura eta xaboiarekin.
- Norberak beharko duen xaboia, desinfektatzeko produktuak, eskuak lehortzekoa eta behar izanez gero, bestelako babes neurriak eramango ditu.
- Erabilitako lanabesa, ateetako heldulekuak eta gainontzeko gainazal arriskutsuak, garbitu eta desinfektatuta utzi behar dira.
- Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak betetzen direla bermatzeko, Baratze Parkera sartzeko erabiltzaile elkarteak ezarritako txandak eta hartutako konpromisoak errespetatu beharko dituzte Instalakuntzak irekita edukitzeko:
- Gehienez hiru orduko iraupena izango duten txandak antolatuko dira, txanda bakoitzean hiru edo lau baratzak izango dute lanean aritzeko baimena plangintza baten baitan (Txanda berean dabiltzan erabiltzaileak, bata bestearengandik urrun egongo dira).
- Txanda batetik besterako aldaketa denbora ondo antolatuko da, ateratzen direnak ez daitezen sartzen direnekin elkartu.
- Baratze bakoitzak astean bitan txanda izango du.