Santos Ormaetxea: Zumarragako Luis Mariano
Zumarragan bizi den Santos Ormaetxea ordiziarrak Luis Marianoren 'Ezin ahaztu' kantaren interpretazio hunkigarria egin zuen Aberri Egunean
Konfinamenduak balkoietan gauzak egitera eraman gaitu eta, horri esker, gure bizilagunen abileziak ezagutzen ari gara. Urretxu eta Zumarragan grabatutako bideo guztien artean arrakasta gehien eduki duenetako bat Santos Ormaetxearena da. Ormaetxeak Luis Marianok mundu osoan ezagun egin zuen ‘Ezin ahaztu’ kanta abestu zuen Aberri Egunean. Interpretazioa benetan hunkigarria izan zen.
Ormaetxea aski ezaguna da herriko musika zaleen artean. Ordizian jaio zen eta 16 urterekin Zumarragara etorri zen, Orbegozo enpresan lan egitera. Meliton tabernako alabarekin ezkondu zen eta Secundino Esnaola kalean bizi dira.
Umetatik da musika zalea. “Aitak dultzaina jotzen zuen eta abestea asko gustatzen zitzaion. Nire anai batek Donostiako Orfeoian abesten du eta beste bati ere asko gustatzen zaio abestea. Niri armonika jotzea eta abestea gustatzen zait. Ordiziako Laguntasuna errondailan abestu nuen eta Lourdesko Amaren elizako abesbatzan abesten dut. Urretxuko jaietako txistularien kontzertuan ere abestu izan dut. Tabernetan, bazkalostean… abestea asko atsegin dut”.
Abeslari bikaina da eta Aberri Eguneko bideoak arrakasta itzela izan du. “Pareko etxean trikitilari batzuk eta Goiargi abesbatzako kide batzuk bizi dira. 12:00etan balkoira atera ginen guztiok eta abesteko eskatu zidaten. Ez dut asko behar abesten hasteko… Bizilagun batek grabatu egin zuen eta senitarteko eta lagun askok deitu didate: Ordiziatik, Arrasatetik, Donostiatik…”.
Lehen aldiz abestu zuen bere etxeko balkoitik. “Orain arte nork abestu du ba bere etxeko balkoitik? Orain, ordea, denok ari gara balkoitik abesten! Gure etxeko balkoia primerakoa da horretarako: parean plaza itxi bat duenez, sonoritatea oso ona da. Oso gustura abestu nuen”.
Pena bat du: tabernetan eta bazkalosteetan abesteko ohitura galtzen ari da. “Lehen asko abesten genuen tabernetan. Egun, Atxunberri eta Etxanizen kuadrillakoek bakarrik abesten dute tabernetan. 14-16 urterekin hasi ziren eta 65 urterekin abesten jarraitzen dute. Primeran abesten dute, gainera. Gazteek musika ikasketak dituzte, baina ez dira abestera animatzen”.
Ormaetxea, zorionez, animatzen da. Horra hor Aberri Egunean bere bizilagun batek grabatu zuen bideoa.