Espainiako Gobernuak atzera egin du, eta 14 urtetik beherakoak paseatzera atera ahal izango dira
Ordu gutxiren buruan aldatu du erabakia Espainia Gobernuak, eta datozen egunetan emango ditu neurri berriaren xehetasunak. Haurrek ez du maskararik beharko kalera ateratzeko.
Espainiako Gobernuak erabakiak “zuzentzen” dakiela esan du Salvador Illa Osasun ministroak, eta nabarmendu du bihar Espainiako Diputatuen Kongresuak Alarma Egoeraren dekretuaren luzapena onartuz gero, neurriak ezartzeko eskumena izango dutela, eta neurri horien artean haurrei paseoak emateko aukera dagoela.
Erabaki horrekin, atzera bota dute eguerdian publiko eginikoa. Maria Jose Montero gobernuko bozeramaileak ordu batzuk lehenago azaldu du 14 urtetik beherakoak gurasoekin erosketak egitera, botikara edo banketxera joateko bada soilik irten ahal izango zutela, hau da, orain arte alarma egoeran onartuta zeuden ekintzak egitera.
Illak ez du azalpen gehiago eman nahi izan gai honen inguruan. Kazetariek galdetu diote ea zergatik aldatu duten jarreraz lau ordutan eta paseoak bermatzea zehazki zer esan nahi duen. Ez duela krontraesanik ikusten goizean eta arratsaldean gobernuak adierazitako neurrien baldintzen artean, eta “zuhurtziaz” jokatzen jarraituko dutela adierazi du, betiere “gizarteari eta adituei entzuten dakien gobernua delako Espainiakoa”.
Irteerak modu kontrolatuan egin behar direla adierazi du Espainiako Gobernuko bozeramaileak, higiene neurriak eta segurtasun tarteak betez. Maskarak, ordea, ez dira beharrezkoak izango, haurretan ez direlako hain eraginkorrak. Argudiatu du umeek aurpegia maiz ukitu ohi dutela, eta zailagoa dela horiek jantzita mantentzea. Horrez gain, haurrekin bizi ez den beste edozein herritarrekin harremanak «saihestu» beharra azpimarratu du Monterok.
Erabakiak sortu ditzakeen galderei erantzunak emateko txosten bat prestatuko dutela azaldu du, eta datozen egunetan jakinaraziko dute. Espainiako Gobernuak kritika ugari jaso ditu arratsaldean zehar eguerdian ezagutzera eman dituen neurriengatik.