Legazpiko kiroldegiko igerilekuetan mantentze lanak egiten ari dira
Kirol instalazioak itxita daudela baliatu dute, normalean abuztuan egiten dituzten mantentze lanak orain egiteko
Bikuña kiroldegiko bi igerilekuetan urteko mantentze lanak egiten ari dira egunotan. Lan horiek normalean abuztuan egiten dituzte, bi asteetan zehar, baina udalak jakinarazi duenez, aurten “COVID-19 gaitzak eragindako egoeraren ondoren eta martxoaren 14ko 2020/463 Errege Dekretuaren aginduz kirol instalakuntzak itxita daude”, eta hori dela eta, igerilekuen mantentze lanak aurreratu egin dituzte, “kirol instalazioak berriro irekitzen direnean erabiltzeko prest izan daitezen”.
Mantentze lan horien barruan, besteak beste, igerilekuak hustu, dauden akatsak konpondu, garbitu eta desinfektatu egiten dira. Ondoren, motorrak eta klimatizazio iragazkiak aldatzen dira eta legionellaren kontrako tratamendua egiten da.