Ordizian postu gehiago eta jende ilara babesteko karpa jarriko dituzte
Alarma egoerara egokitutako azoka egiten jarraituko dute Ordizian. Bihartik aurrera, lau postu gehiago jarriko dituzte, eta baita euritik babesteko karpa bat ere. Aurrez eskatutako produktuak jasotzeko postu bat ere izango da.
Covid-19ak eragindako egoerara egokitutako azokarekin aurrera jarraituko du Ordiziako Udalak. Azken asteetan bezala, bihar ere baserritarren produktuak zuzenean erosteko aukera izango da Ordiziako Beti Alai pilotalekuan. Hainbat berrikuntza izango ditu, ordea, azoka berezi horrek. Frontoi barruko 11 postuez gain, beste lau ere jarriko dituzte kanpoaldean, produktuen eskaintza zabalduz. Udalak azaldu duenez, bi astez behin joango dira saltzaile horiek, guztira 8 izango baitira. Postu horietan, gazta, pastak, olibak eta fruitu lehorrak jarriko dituzte salgai.
Ez da aste honetako berrikuntza bakarra izango. Euria iragarrita dagoela ikusita, kanpoaldean egoten diren erosleen ilara estaltzeko karpa bat jarriko du udalak. Gainera, aurrez eskaera egiten dutenek, atarian egongo den etxetola batean eskariak jasotzeko aukera izango dute. Horrela, jende pilaketak ekidin eta azokara joateko aukerarik ez dutenei erraztasunak eman nahi dizkiete.
Ordiziako Udalak gogorarazi du oraindik ez direla ohiko azoka egiteko baldintzak betetzen, koronabirusak eragindako alarma egoera dela eta. Segurtasun neurriek orain arte bezala jarraituko dute, eta aldez aurretik erositako erosketen banaketa frontoiko eremutik aterako da, parean dagoen Zuhaizti edo Arboledara mugituz, beti ere jende pilaketak ekiditeko.