Umeek gurasoekin eta erosketak egitera bakarrik atera ahal izango dute
Orain arte baimenduta zeuden irteeretan gurasoekin batera joan ahal izango dute 14 urtetik beherako umeek, baina ez pasiatzera edo kirola egitera.
Espainiako Gobernuak umeak etxetik atera ahal izateko irizpide berriak eman ditu. Orain arte helduek egin zitzaketen irteeretan lagundu ahal izango dute. 14 urtetik beherako umeei zuzendutako neurria da, eta astelehenetik (hilak 27) aurrera jarriko da indarrean. Gurasoekin eta erosketak egitera, botikara edo banketxera bakarrik joan ahal izango dute, baina ez pasiatzera, kirola edo jolas egitera.
Maria Jose Montero Espainiako Gobernuko bozeramaileak «arintze partziala» dela onartu du, eta «arduraz» jokatzeko eskatu die gurasoei. Momentuz ez dute pasiatzera edo beste aktibitate batzuetara ateratzeko baimenik eman nahi izan. 14 urtetik gorakoez galdetuta, orain arte bezala ateratzeko aukera izango dutela azaldu du Monterok, erosketak edo beharrezko jarduerak egiteko bada.
Ikasturte amaierari forma ematen
Koronabirusak eragindako alarma egoeran, haurrak etxetik ari dira eskolak jasotzen. Eusko Jaurlaritza plan bat osatzen ari da, ikasturtearen amaierari forma emateko. Josu Erkoreka bozeramaileak gaur adierazi du, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua aste honetan bilduko dela hezkuntza arloko eragileekin, plan hori «kontrastatzeko». Ondoren, ikastetxeetara bidaliko dute. Ebaluazio irizpideak, funtsezko edukiak eta ikastetxeetara modu presentzialean noiz eta nola itzuli izango dute hizpide, besteak beste.
Bere aldetik, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteak, erantzun zehatzak eskatu dizkio Hezkuntza Sailari: «Oraindik ez dakigu ikasturtea etxean edo ikastetxeetan amaituko dugun, baina zehaztapenak behar ditugu, azkar, familiak arduratzen dituzten hainbat alorretan». Curriculumaren birformulazioa edo doikuntza zehazteko ere eskatu dio Jaurlaritzari, eta horretarako, ikastetxeei «jarraibide zehatzak» eman eta «familiak informatu» behar direla dio.