«Zorte pixkatekin hortxe izango gara, edo hori nahi nuke pentsatu»
Aste Santuko eta Pazko Asteko oporraldia igarotzeko Goierri aukeratzen dute askok. Maite Lardizabal Ataungo Aldarreta nekazalturismoaren arduraduna da. Beste urte batzuetan nekazalturismoa «beteta» izan dute. Koronabirusaren krisiak, «bete-betean harrapatu» ditu.
Gogoan du egoera honetan sartu aurretik «Lazkaoko Maizpide barnetegiko ikasleak» zeudela Aldarretan. «Aste guztia igarotzen zuten hemen». Baina, «martxoaren 13an itxi zuten Maizpide eta nekazalturismoa ere hustu zen».
Hortik aurrera, «Aste Santuko erreserbak, baita Pazko Astekokoak, eta hortik aurrerako guztiak ere, bertan behera gelditu dira». Momentuz, «itxita» izango dute nekazalturismoa, eta «ikusiko dugu noiz arte».
Gertukoen falta
Egoera hain berezi honetan, «senideak, lagunak, ama, haiek bistatzera joateko askatasun falta hori» nabaritzen du gehien. Etxetik ateratzeko baimena iristean, egingo duen lehen gauza, «haiei bisitan joatea» izango da.
Egunerokoan, «baserrian ez da lanik falta, nahiz eta nekazalturismoa itxita eduki. Garbiketa lanak, pintaketa lanak, horrelako lanak egiten ari gara».
Aurrerantzean etor daitekeena aurrikusten zaila dela dio: «Berriro bezerorik izango dugun ez dakit, baina beno!». Dena den, argia ikusi nahian, «gure alojamendua txikia izanik, agian abantaila izan daiteke. Zorte pixkatekin, hortxe izango gara, edo hori nahi nuke pentsatu».













