Etxetik eta etxerako errezetak
Goierriko taberna eta jatetxe guztiak itxita daude alarma egoera dela eta. Hainbat sukaldarik, ordea, beraien errezetak eskaintzen jarraitzen dute, sare sozialen bidez
Ez dira garairik onenak sukaldarientzat. Jatetxeak itxita daude, eta ez dakite oraindik noiz arte jarraitu beharko duten horrela. Hala ere, bada garairik zailenetan ideia berriak ateratzeko dohaina duenik. Goierriko hainbat sukaldarik, ondoen egiten duten horretan jarraitzea erabaki dute, sukaldean. Eta jatetxetik ezin dutenez, etxetik ari dira. Sare sozialak erabilita, errezetak eta aholkuak eskaintzen ari dira Iker Markinez eta Anne Otegi.
Kuko jatetxeko Iker Markinez «seme-alabek animatuta» hasi da sareetan argazkiak eta bideoak elkarbanatzen. «Nik orain arte ez nuen Instagram erabiltzen, nahiz eta etxekoek askotan esaten zidaten». Itxialdiko garai hau aprobetxatuta, kontu bat sortu eta aurreneko bideoak zabaltzen hasi da. «Zentzu batekin egin nahi ditut gauzak, igotzeagatik igo gabe, igotzen dudan horrek zerbait esan dezala». Hamabi urte baino gehiago daramatza Berria egunkarian errezetak argitaratzen, baina zuzenekoek beste zerbait dutela uste du. «Errezeta idatziekin zalantza asko sortzen dira, baina aurrez aurre ikusita, beste segurtasun bat ematen du».
Markinez gustura dago bere errezetek izan duten harrerarekin. «Erantzun polita izan dute. Ez naiz zenbaki zalea, baina jendeak parte hartzen du, iruzkinak egin, galderak bota… ikusten da gustura hartzen dutela». Alaba izan du irakasle sare sozialetan, eta baita laguntzaile ere, hark grabatzen baitizkio bideoak. «Etxean egonda denbora gehiago dugu gauza hauetarako».
Ez daki jatetxea noiz ireki ahal izango duen berriz, eta horrek sektorean ezinegona eragiten duela dio. «Gure sektorearn arazorik handiena da, galdutakoa ez dagoela berreskuratzerik». Orain, egoera hau «ahalik eta hobekien» gainditzea du helburu. «Gu ekintzaileak gara, eta beti atera gara aurrera, honetatik ere aterako gara».
Janari garbi eta osasuntsua
Anne Otegi ordiziarrak ere gertutik ezagutu du koronabirusak eragindako krisiaren eragina, ABEE bat tarteko, langabezian baitago orain. Hala ere, Osoa Cooking proiektuarekin jarraitzen du, Vanessa Blazquez kidearekin batera. Urtebete daramate sare sozialetan, eta itxialdi garaian ere, argazkiak eta bideoak zabaltzen jarraitzen dute. «Errezeta orekatu eta osasungarriak egiten ditugu, beti ere bertako produktuekin, hori da gure filosofia». Orain ordea, garbi jateak beste zentzu bat hartu duela dio: «etenaldi honetan osasuntsu mantentzea oso garrantzitsua da; gorputza zenbat eta osasuntsuago egon, hobeto aurre egingo diogu gaitzari».
Denentzako moduko errezetak egiten ditu. «Garbi daukat etxeetarako eta denentzako sukaldatu behar dela, eta horregatik camping gas batekin eta zartagin batekin aritzen naiz, modu errezean, fresko, bizkor eta beti umorearekin». Sareetan ez ezik, Goierri Telebistan ere ikus daitezke bere errezetak, ostiralero.
Jarraitu Iker Markinez eta Anne Otegi sukaldariak haien instagram-eko profiletan: