Ikasturte amaiera zehaztu gabe izateak kezka eta ezinegona eragin du eskola komunitatean
Eusko Jaurlaritza aste honetan elkartuko da hezkuntza eragileekin ikasturte amaiera «kontrastatzeko». Ebaluazioak nola egingo diren eta eskoletara itzulera noiz eta nola gauzatuko den zehazteke dago oraindik
Aste Santuko oporrak igaro berritan, ikastetxeak azken asteotako online bidezko zereginetara itzuli dira. Martxoaren 13an aurrez aurreko eskola jarduna eten zutenetik, horixe da egoera: ikasleak etxean eta klaseak online, hezkuntza maila guztietan.
Egoera horrek aldaketa handiak eragin ditu ikastetxeetan eta irakasleengan. Etxeetan ere ikasleak eta euren familiak egokitu egin behar izan dira klaseak emateko sistema berriari. Orain, ikasturte amaiera iristen ari dela, kezka zabaldu da, ikasleak eskolara uda aurretik itzuliko diren ez baita ziurtzat ematen, eta ebaluazioak nola egin ere zehazteke dagoelako oraindik.
Eusko Jaurlaritzaren ikasturte amaierako protokoloak hiru ardatz izango lituzke, eta funtsezko edukiei, ebaluazio irizpideei eta ikastetxeetara modu presentzialean itzultzeko agertokiei eragiten die. Aste honetan elkartuko dira Hezkuntza Saileko arduradunak hezkuntza eragileekin, ikasturte amaiera «kontrastatzeko».
Ikastetxeak, egokituta
Ordiziako Jakintza ikastolako zuzendaria den Mikel Etxarrik koronabirusak eragin duen egoerari aurre nola egin dioten azaldu du: «Era guztietako baliabideak erabiltzen ari gara: bideo grabazioak, bideo konferentziak, ahozko grabazioak, testu idatziak, irudiak…». Horretarako, lehenik ikastolaren ordenagailuak utzi behar izan dizkiete etxean ez zutenei, eta Interneteko konexioa bermatu guztiei. Horrekin, «gure ikasle guztiek konexioa dute etxean eta eskolako lanketa burutzeko aukera erreala».
Maila gorenetan Tori edo WeTransfer bezalako aplikazioak eta Youtube erabiltzen dituzte Jakintzako irakasleek euren azalpenak eta ikasgaiak ikasleei helarazteko, eta alderantziz. Zuzenean ere egoten dira elkarrekin Jitsi edo Google Meet aplikazioekin. Google Classroom, Google Drive eta WhatsApp bera ere erabiltzen dituzte klase birtualen zurrunbilo honetan.
Haur Hezkuntzakoekin eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoekin, berriz, gurasoen inplikazioa ezinbestekoa da, haien bitartez helarazten baitiete materiala ikasleei. Bideoak eta argazkiak dira erabilitako euskarri nagusiak, eta Google Hangouts eta WhatsApp bitartekoak.
Etxarrik nabarmendu duenez, ikasleekin eta familiekin hartu-emana etengabea da. «Arreta berezia jartzen ari gara ikasleen ongizatean» dio, eta «familiek gehien eskertzen dutena da».
Ikasleen erantzunari dagokionez, «batzuk kexu dira» Etxarrik dioenez: gehiegizko lana bidaltzen zaiela, denbora eskasa dutela, etxean ekipoak gurasoekin eta beste anai-arrebekin partekatzen dituztela… Beste muturrean, aspertzen direnak eta lan gehiago eskatzen dutenak ere badaude.
Familien laguntza
Ikastetxeen eta irakasleen lanak ez luke baliorik izango familien laguntzarik gabe; gurasoek gainean egon behar dute ikasleek gelako erritmoa gal ez dezaten eta lan ohiturak finkatzeko, baita ikasgaien inguruko zalantzak argitzeko ere batzuetan.
Esti Karrerak hiru seme ditu Legazpiko Haztegi ikastolan: Aitzol LH6 ari da egiten, Oinatz LH3 eta Itoitz 3 urtekoen gelan dabil. Bi zaharrenek egunero goizeko 09:00etarako ordenagailuaren aurrean egon behar dute egunean egin behar dutena jasotzeko; tutorearekin eta irakasleekin bilerak ere izaten dituzte, Hangouts edo Meet aplikazioen bitartez. Lanak egin eta entregatu egin behar dituzte.
Karrera «harrituta» dago haurrak ondo moldatu direla ikusita, eta sistema baliogarria dela uste du, «aurrera dihoaz, ondo aprobetxatzen dute». Irakasleek egiten duten ahalegina ere balioan jartzen du.
Karrerak ere etxetik egiten du lan eta ordenadorea behar du, bi seme zaharrenek ere bai, denek aldi berean, eta Wifi-ak ez du beti ondo erantzuten. «Goizak pixka bat estresagarriak dira, tentsio uneak izaten ditugu». Gainera, semeen gainean egon behar izaten du, «taldean lan egiten ohituta daude, eta bakarrik lan egitea handiegia egiten zaie, babesa behar dute». Txikiak ere, klaserik izan ez arren, bere arreta eskatzen duela dio, eskulanak edo marrazkiak egiteko adibidez.
Aitzol seme zaharrenak ondo moldatzen ari dela dio, baina zalantzak dituenean irakasleak lehen bezala beti eskura ez dituela kexu da. Lagunen falta ere asko somatzen duela esan du.
Geletara itzultzeko plana
Etxetik, beraz, baina hirugarren ebaluazioan murgilduta daude ikasleak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxe guztiei gutun bat bidali ziela azaldu du Jakintzako Etxarrik, ikasturte amaiera honetarako «plan bat» osatzen ari direla jakinaraziz. «Ikasturte amaierarako funtsezkoak diren curriculum edukiak identifikatzeko lanean ari dira, baita ebaluazioetarako irizpideak eta tresnak identifikatzen ere», azaldu du Etxarrik. Osasun Sailak baimentzen duenerako, geletara itzultzeko aukera posibleak aztertzen ere ari direla dio. Dokumentu hori «ezinbestekoa da ikasturte amaierako planifikazioa egokitzeko».
EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteen koordinadorak, erantzunak eskatu dizkio Hezkuntza Sailari: «Oraindik ez dakigu ikasturtea etxean edo ikastetxeetan amaituko dugun, baina zehaztapenak behar ditugu, azkar, familiak arduratzen dituzten hainbat alorretan». Besteak beste, curriculumaren birformulazioa eta doikuntza eskatu diote, eta «egungo egoerara egokitutako ebaluazioa» behar dutela gogorarazi diote.