Herriko tabernen auzian kontuak enbargatzen hasi da Espainiako Auzitegi Nazionala
Auzitegi Nazionala "tabernen eta elkarteen kontuak enbargatzen" hasi dela salatu du Sortu alderdiak. 2014an onartu eta Gorenak 2015ean berretsitako sententziak Goierriko 8 taberna eta elkarteri eragiten die.
Espainiako Auzitegi Nazionala hasi da herriko tabernen auziko sententzia gauzatzen. Hala jakinarazi du Sortu alderdiak, ohar baten bidez. “Jada hasi dira tabernen eta elkarteen kontuak enbargatzen, eta hurrengo egunetan guztiena gauzatuko dela pentsatzen dugu”.
Auzitegi Nazionalak 2014an eman zuen 35/02 sumarioko zigor epaia. Bertan, kartzela zigor batzuk agintzeaz gain, 103 herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen, ETAren egitura finantzatzea egotzita. Jarritako helegiteen ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenera iritsi zen auzia, eta honek 2015ean eman zuen sententzian, espetxe zigorrak jaitsi arren, bere horretan utzi zuen herriko tabernen aurkako neurria. Goierriren kasuan, zortzi herriko tabernari eragin zien itxiera aginduak.
Sorturen ustez “epai politiko eskandalagarria” izan zen eta “36ko gerraz geroztik eman den espolio politiko eta ekonomiko handienari bide” eman zion. Gainera, epaia “ezker abertzalearen eta Euskal Herriaren aurkako lapurreta erraldoi bat” dela salatu du.