Mercadonak orubeko lantegia bota arren saltoki baimenik ez du oraindik
Lazkaoko Urbasa lantegiaren pabilioia eraitsi dute, horretarako administrazio-baimena jaso baitu jaurlaritzatik. Ez da ebatzi supermerkatua egiteko udal oniritzia eman ala ez
Lazkaoko Hiribarren kalean zegoen Atenciones Metalurgicas Urbasa enpresa zenaren pabiloia historia da jada. Mercadona supermerkatu kateak saltokia kokatzeko proiektua aurkeztuta dauka, orube horretan eraikitzeko asmoan. Hondeamakinak lehengo astean hasi ziren lantegiaren egitura botatzen, eta herenegun bukatu zuten bulegoetako eraikina hausten. Aurrez, teilatuko material kutsakorrak eta lurzorua garbituta zeuzkaten.
Eraispenak ezustearen harridura eta kezka eragin ditu supermerkatua Lazkaon jartzearen aurka dauden taldeen artean. Udalak, bere aldetik, herenegun prentsa-ohar batean azaldu du Mercadonak orain egin duen urratsaren izaera: eraisketa-lana soilik dela argitu du.
«Eraispen lanak burutzeko baimena jaso du Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailetik. Eremu horretan merkataritza jarduera bat ezartzeko proiektua ere aurkeztu zuen Mercadonak udalean, baina eskaera horrek ez du, oraingoz, udalaren oniritzirik», azaldu du Kepa Zubiarrain alkateak. Hala, bi motatako baimenak bereizi ditu. Batetik, eraisketarena; eta, bestea, merkataritza jarduerarena. Lehenengoari dagokionez, jaurlaritzak eman diola zehaztu du udalak: «Mercadonak aurkezturiko eraispen proiektuak, derrigorrezko izapidea den lurzoru kutsatuen azterketa aurkeztu eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren oniritzia jaso ondoren hasi dira eraispen lanak».
Saltokiak oniritzirik ez
Bigarren baimena da gakoa, supermerkatua eraiki eta jarduera irekitzearena.Mercadonak «oraingoz» udalaren oniritzirik ez duela zehaztu du alkateak. Azalera handiko merkataritza-guneen lege berriaren interpretazioan dago kontua Mercadonak Lazkaon eraiki nahi duenak 3.500 metro koadro hartuko lituzke, eta bi solairu leuzkake.
«Gogorarazi behar da, hasiera-hasieratik azpimarratu dudan bezala, jarduera bat baimendu edo ez, egintza arautua dela eta, beraz, ez erabaki diskrezionala. Bestalde, udal teknikariek, Eusko Legebiltzarrak 2019ko ekainaren 27an merkataritza-gune handien ezarpenerako onartutako legeak nola eragiten duen argitu bitartean, udalak ez dio proiektuari bidea irekiko», gaineratu du Zubiarrainek.
Bien bitartean, Lazkaoko Gazte Asanbladak biziki kritikatu du Urbasa lantegiaren pabiloia botatzeko lanak itxialdian egin izana, eta ezkutukerian aritzea leporatu dio udalari. «Mercadonaren gaiak biziki kezkatzen gaitu, eta itxialdian egonagatik ez gara arazoaz ahaztu. Badirudi, iazko udako oporren atarian egin bezala, orain ere itxialdian gaudela aprobetxatuz abian jarri dituela udalak lanak, herriari horren berri eman gabe», dio LGAren osteguneko oharrak. «Desinformazioa» egitea eta «adarjotzea» dela salatu du.
Iaz, udako oporraldian jakin zen Mercadonak proiektua aurkeztu zuela. Aurkako jarrera Lazkaon merkatari elkarteak gidatu zuen orduan, eta sinadura bilketa egin zuten, abuztuan.