Lokal hutsak berrerabiltzeko plana onartu dute Zumarragan
Zumarragako Udalak herriko lokal hutsak berrerabiltzeko plangintza onartu du. Merkataritza egitasmo berriei laguntza ematea da helburua.
Zumarragako Udalak lokal hutsak berrerabiltzeko programaren oinarriak onartu ditu. Helburua merkataritza egitasmo berriei ekiteko asmoa dutenei laguntzea da, ekimenak baldintza onetan martxan jarri ahal izateko lokalak eskainiz. Udalak ekintzaileei eta erdialdeko merkataritza gunean hutsik dauden merkataritza lokalen jabeei lagunduko die. Hutsik dauden lokalen poltsa egingo du eta horretarako ezinbestekoa izango da jabeek eskaera orria aurkeztea.
Erdigunea Merkataritza Indarberritzeko Plan Bereziak definitu du eta honako kaleek osatzen dute: Legazpi, Soraluze, Secundino Esnaola 1-16, Piedad, Iparragirre eta Euskadi plaza.
Udalak lokalak txukunduko ditu, merkataritza jarduerak hartu ahal izateko, jabeekin ados jarrita. Gehienez ere bi lokal konponduko ditu eta gehienez ere 22.000 euro inbertituko ditu lokal horietako bakoitzean. Kokapen onena duten lokalak eta konponketa gutxien behar dutenak aukeratuko dira.
Programan parte hartzeko aukera izango duten jarduerak honakoak dira: txikizkako merkataritza, zerbitzu enpresak, lehen sektoreko enpresak, eskulangintza ekimenak eta interesgarria den beste edozein jarduera, merkataritzaren berpizteari lagunduko diola irizten bazaio. Ekintzaileek bideragarritasun plan bat entregatu behar dute.
Egitasmoaren originaltasuna eta berrikuntza, sortuko duen enplegua, ingurumena zaintzea eta euskararen presentzia baloratuko dira. Langabea, 45 urtetik gorakoa eta emakumea izatea ere baloratuko da.
Alokairuaren epea gutxienez hiru urtekoa izango da. Prezioari dagokionez, udalak lokala txukuntzeko inbertsioa egingo duenez, 60 metro koadro baino gutxiagokoen alokairua metroko 9 eurokoa izango da gehienez eta 60 metrotik gorakoena, metroko 7 eurokoa gehienez.
Udalak alokairuak ordaintzeko eta jarduera lizentzia eskatzeko behar den proiektua prestatzeko kanpoko zerbitzuak kontratatzeko laguntzak ere ematen ditu. Baita gazteen emantzipaziorako laguntzak ere.