Hegialdeko jaiak bertan behera geratu dira Legazpin
Ekainaren 12tik 14ra bitartean ospatzekoak ziren festak. Egitarau berezia ari ziren prestatzen antolatzaileak, aurten 40. urteurrena betetzen zelako. Hurrengo hilabeteetan jaien edizio berezi bat egiteko aukera baloratuko dute.
Legazpin ez maiatzeko Santikutzak ez ekaineko Hegialdeko jaiak ez dira ospatuko aurten, koronabirusak eragindako alarma egoeraren ondorioz.
Hegialdeko jaiak ekainaren 12tik 14ra ospatu behar ziren, eta antolatzaileek aste honetan bertan jakinarazi dutenez, bertan behera utzi dituzte. Aurtengoak festa bereziak ziren, gainera, 40. urtemuga betetzen zutelako. “Hegialdeko Jaien 40. edizioa, mugarik gabe atzeratzea” erabaki dute.
Hala ere, “gogoeta eta analisi aldi bat” irekiko dutela jakinarazi dute antolatzaileek, hurrengo hilabeteetan aparteko edizio bat egiteko aukera baloratzeko. Horren harira, auzotarrei eta herritarrei zuzendu zaie zera esateko: “Errespetu handia dizuegu guztioi, eta, horregatik, jakinaren gainean izango zaituztegu har ditzakegun erabakiei buruz, eta egun hauetan gure maitasuna eta guraririk onenak helarazi nahi dizkizuegu, eta zuen konfiantza eskertu nahi dizuegu”.
Jaiak bertan behera utzi behar izatea asko sentitzen dutela eta horrek sor ditzaketen eragozpenen aurrean barkamena eskatzen dutela esanez amaitu dute Hegialdeko jaien antolatzaileek, ” zuen ulermena eskatzen dizuegu bizi dugun egoera ezohikoaren aurrean”.