Larreak ireki bai, baina festarik ez
Maiatzaren 1ean Aralarko larreak irekiko dituzte baina festa bertan behera gelditu da, Covid-19agatik. 130 abeltzainek egin dute abereak belardietara igotzeko eskaria
Maiatzaren lehenean, Aralarko larreak irekiko dituzte, baina egun horren bueltan Larraitzen egin ohi duten festa, Covid-19ak eragindako krisiagatik, bertan behera gelditu da. Mankomunitateak, azken unera arte itxaron du erabakia hartzeko, baina egoera aldatu ez dela ikusita, abereak larreetara igotzen utzi bai, baina ez da festarik izango. Festa atzeratzeak «zentzurik ez» duela uste dute, eta bertan behera uztea erabaki dute.
Enirio Aralar Mankomunitateak ohar bidez jakinarazi du, «Covid-19aren pandemiak eragin duen Alarma Egoera indarrean dagoenez, eta egoera hori maiatzaren 10era arte luzatuko dela aurreikusita, ezinezkoa da segurtasun neurriak bermatu ahal izatea. Birusaren hedapena mugatzea ezinbestekoa bihurtu da, eta horretarako jende pilaketak ezinezkoak dira».
19.158 abere
2020 urte honetan Mankomunitatearen ordenantzetan ezarrita dagoen moduan, larreak maiatzaren 1etik datorren urteko urtarrilaren 31ra egongo dira zabalik, nahiz eta abere gehienak udazkenean jaisten dituzten.
Guztira, 130 abeltzain dira Mankomunitateko larreetara ganadua igotzeko eskaria egin dutenak, horietatik 37 artzainak, mendian txabola dutenak, 35 behizale eta 58 behorzale. Denen artean, 17.311 ardi, 985 behi eta 862 behor igoko dituzte.