Ordutegi zabalagoarekin eta postu gehiagorekin egingo da bihar azoka Legazpin
Alarma egoera ezarri zenetik, joan den ostiralean egin zen lehen aldiz azoka Legazpin; bihar ere egingo da, 09:00ak eta 12:30a bitartean. Bi landare saltzaile ere izango dira.
Ostirala azoka eguna da Legazpin eta bihar ere, egingo da asterokoa, alarma egoera ezarri zenean egindako etenaldiaren ondorengo bigarrena. Bi berrikuntza izango ditu gainera, batetik ordutegia zabalduko da, eta bestetik, saltzaile gehiago izango ditu.
Aste honetan azoka goizeko 9:00etan hasiko da, eta 12:30ean bukatu. Aurreko astean bezala, Azokan bertan eta Urbeltz frontoiko arkupeetan egingo da. Bi esparru horietan banatuta kokatuko dira saltzaileak, 15 guztira. Elikagaiak saltzen dituztenez gain, baratzerako landareak saltzen dituzten bi postu ere jarriko dira.
Saltzaileen zein erosleen segurtasuna bermatzeko, Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriak beteko dira, koronabirusa ez kutsatzeko garbitasunari eta pertsonen arteko distantziari dagokienez. Udaltzainak arduratuko dira neurri horiek betetzen direla zaintzeaz.