«Zama handia kendu dut ziurtagiria lortuta»
Jaiotzetik dituen malformazioak talidomidak sortuak direla aitortu diote ofizialki Mariano Garmendiari (Legorreta, 1977). Kalte ordainekin zer gertatu den ikuskizun dago oraindik.
Alemaniako Grunenthal botika etxeak 1957an atera zuen merkatura emakumeek haurdunaldiko lehen hilabeteetan zituzten ondoezak goragalea batez ere arintzeko talidomida botika. Bost urtera egiaztatu zuten umekiengan eragina zuela, eta Espainian 1985 arte ez zuten galarazi. Aitortza hori lortzeko borrokan ibili da azken urteotan.
Talidomidak kaltetua zarela dioen elbarritasun ziurtagaria bazenuen 2017tik, baina hau beste urrats bat da ezta?
Orain eman digutena da ofizialki errekonozimendua talidomidako kaltetu bezala. Espainiako Gobernuak dena zentralizatu zuen Carlos III.a Madrilgo Ospitalean, eta gero, Erkidego bakoitzak zeukan bere zentro basea. Probintziaz probintzia joaten ginen gure mediku horretara, eta froga batzuk pasatzen genituen, eta horien emaitzak berriz ere Madrilera itzultzen ziren, batzorde batek azter zitzan zeintzuk ziren talidomidako kaltetuak eta zeintzuk ez.
Zer proba mota ziren?
Izena eman zuten guztiak joan ginen mediku azterketa horretara. Probarik garrantzitsuena proba genetiko bat izan zen, sekula inongo herrialdetan egin ez zen froga bat, eta hor ikusten zen bakoitzak zeuzkan tarak-edo genetikoki oinarririk bazuten ala ez. Nire kasuan atera zen ez zela genetikoa, talidomidak kaltetua baizik.
Euskal Autonomia Erkidegoko kaltetuok Gurutzetako Ospitalera joan behar izan zenuten.
Frogak pasatu nituen 2018ko otsailaren 12an, eta emaitza jaso nuen 2020ko martxoaren 5ean. Bi urte eta hilabetera.
Eta zer sentipen eragin zizun?
Hitzordua eman zidaten eta Gurutzetara joan nintzen, eta han Blanca Gener genetika buruarekin eduki genuen kontsulta bat, Han eman zigun erantzuna eta ziurtagiria. Momentuan, zama handia kendu genuen gainetik. Emaztea eta biok joan ginen emaitza jasotzera. Nik ziurtasuna banuen horren eraginez zela, baina hori baieztatzen duen paper ofizial bat jasotzeak lasaitasun handia ematen du.
Aipatu duzunez, bi urte baino gehiago pasatu dira proba egin zenuenetik emaitza jaso arte. Itxaronaldi luzea.
Berez, bi hilabetetako itxaronaldia zena bihurtu da bi urtekoa. Alde horretatik nahiko gogorra izan da, denbora asko zain, kezka… Atzerapen horren mila aitzakia eman dizkigute, eta azkenean, garbi dagoena da, borondate gehiegi ere ez zegoela. Hau, kontutan hartu behar da, oraingo gobernuak beste gobernutik jaso zuela herentzia modura, eta politikariei ez zaiela batere gustatzen besteek egindako zerbait aurrera eraman behar izatea. Interes gehiegi ere ez dute eduki azkar joateko.
Orain lehentasuna koronabirusari aurre egitea da. Zer espero duzu Espianiako Gobernutik?
Nahi izanez gero, biharko konponduta egongo litzateke kontua. Errege Dekretu bat onartu beharra daukate, beraiek onartutako aurrekontuetako legeak markatzen duena biltzen duena, eta asuntoa soluzionatuta egongo litzateke. Baina borondate ezari gaur egungo egungo gehitzen badiogu, hau bukaezina izan daiteke.
Kalte ordainik jasotzeko itxaropenik baduzue?
Galtzen den borroka bakarra alde batera uzten dena da… Lege aldetik behartuta daude ordaintzera, aurrekontuetako legean onartuta baitago. Orain, zenbat luzatuko diren, eta zer mugimendu egingo dituzten kopuru horiek jaisteko… Badakigu nola funtzionatzen duen politikak Espainian. Itxaropena daukat, kakots artean.
Eta orduan zer?
Bi bide dauzkagu irekita. Nahi izanez gero bihar konponduta legoke hau guztia. Guk estatuari helegitea jarrita daukagu Espainiako Auzitegi Nazionaleko administrazio gaietako auzitegian utzikeriagatik, 2017tik hona ezer gutxi egin baitute. Avite elkarteko kideak saiakera dezente egiten ari dira gobernuarekin harremanetan jartzeko, baina ez dute erantzunik jaso. Politikoek egiten ez badute, justiziak egin beharko du.
Ziurtagiria lortu arren, borroka hau zuretzat ez dela erabat amaitu sumatzen dut. Zer gehiago aipatuko zenuke?
Bi gauza. Batetik, aitortza hau ez dela modu gardenean egin, matematikek ez baitute ematen. Espainia izanda mundu guztian denbora gehienez talidomida saldu duena, eta proportzioan kaltetu gutxien dituen munduko herrialdea da. Ez dauka inolako logikarik. Proban ezezkoa ematen dieten pertsonei esan zieten esango zietela haien eritasuna zergatik zen, baina ez dute inolako diagnostikorik jaso. Horrek eramaten gaitu pentsatzera galbahea modu nahiko arbitrarioan egin dela.
Eta bestetik, badago jendea kalte-ordain hauek kritikatzen dituena, esanez estatuak ez daukala zertan ordaindu beharrik denon zergetatik. Nik esango nieke pentsatzeko ea estatuak ez ote daukan errurik. Izan ere, mundu guztian 1975ean debekatu zen botika bat da, eta gobernuak berak onartzen duen moduan, 1985a arte saldu zen.