Igoera "ikusgarria" liburutegi elektronikoko mailegu eta erabiltzaileen kopuruan
Konfinamendu egoera ezarri zenetik liburutegi elektronikoan Beasaingo erabiltzaile eta maileguen kopurua laukoiztu ere egin da.
Beasaingo udal liburutegiak emandako datuen arabera, martxoo bigarren hamabostaldian Eliburutegiaren (liburutegi elektronikoan) erabiltzaile kopurua “modu ikusgarrian handitu” da. Maileguei dagokionez, bataz beste eguneko, 80 mailegu burutu ziren martxoko lehenengo hamabostaldian. “Bigarren hamabostaldian, berriz, 264”. Erabiltzaile kopuruari erreparatuz, “23 erabiltzaile zenbatu ziren eta bigarren hamabostaldian 125”.
Honela, “kopuru hauek agerian uzten dute egoera honetan Eliburutegiak (on line bidezko liburutegi elektronikoak) eskaintzen duen zerbitzuaren gorakada ikusgarria eta ondorioz zerbitzu honek izaten ari duen garrantzia”.
Eliburutegia erabiltzeko
Eliburutegia erabiltzeko www.eliburutegia.euskadi.eus helbidera joan eta bertan liburuak deskargatzeko aukera dago. “Eskatzen den erabiltzaile zenbakia eta pasahitza ahaztuz gero edo edozein argibiderako, bibliotekako emailetara idatzi besterik ez dago: biblioteka@beasain.eus edo biblioteka1@beasain.eus“.
Liburutegi elektronikoaren zerbitzuaren erabiltzaile ez direnei ere bertara sartzeko aukera badute oraindik. Horretarako honako helbidera idatzi behar dute interesatuek eta hor erraztuko zaizkie beharrezko sarbideak: liburutegi-zerbitzua@euskadi.eus.
Lanerako protokoloa zehazten
Horrekin batera, “Beasaingo Udal Liburutegi Zerbitzutik aurrera begirako segurtasun neurriak, lanerako protokoloak lantzeko lantalde bat osatu dute eta horretarako prestutasuna agertu ondoren, hortan ari dira lanean. Egoerak ahalbidetu bezain laster apalategian geldirik dauden liburu horiek guztiak ere
jendearengana segurtasunez eskaintzeko lanean (protokoloak, beharrezko egokitzapenak…) dihardute bertako langileak”.