Santa Maria kaleko suteekin lotuta pertsona bat atxilotuta eraman dute
Hirugarrenez sua piztu ondoren, susmopean zegoen pertsona atxilotu du Ertzaintzak
Ertzaintzak Ordiziako Santa Maria kaleko suteekin lotuta, pertsona bat atxilotu du gaur. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak adierazi du, “asteazkeneko suteen ondoren, Ertzaintzak, eraikuntza zigilatuta utzi” zuela, eta atzo, osteguna, gertatutakoa argitzeko, Santa Maria kaleko eraikinean ikerketa lanak egin” zituztela. Izan ere, hainbat lekukok baieztatu zuten, pertsona bat ikusi zutela eraikuntzan sartzen eta irteten.
Gaur goizean, hirugarrenez, sua piztu da eraikuntza berean. Suhiltzaileak segituan bertaratu dira sua itzaltzera.
Ondoren, susmopean zegoen pertsona atxilotuta eraman dute.
Eraikuntzaren garrantzia
Gauzak argituta, Ezenarrok Santa Maria kaleko eraikin horren inguruan esan du, “eraikinak balio handia” duela, “herriko ondare historikoaren parte” delako. “Zorionez, suhiltzaleen erantzun azkarragatik, egiturak kalte handirik ez duela ematen du”.