Epaitegiak atzera bota ditu ELAk Ordiziako eta Tolosako egoitzak kudeatzen dituzten enpresen aurka jarritako salaketak
Langileak koronabirusaren aurka babesteko sindikatuak eskatzen zituen neurriak betetzen direla jaso du sententziak. Argixao egoitzaren aurkako epaia ez dute oraindik kaleratu.
Ordiziako San Jose eta Tolosako Iurreamendi egoitzetan koronabirusari aurre egiteko zereginetan langileen oinarrizko baldintzak ez direla urratu argudiatuta, atzera bota du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko Lan Arloko Lehen Epaitegiak ELA sindikatuak Zu eta Biok kooperatibaren eta Eulen enpresaren aurka eta foru aldundiko egoitzak kudeatzen dituen Kabia erakundearen aurka aurkeztutako salaketa. ELAk Gipuzkoako hiru egoitzen aurka jarritako salaketen lehen bi sententziak atzo eman ziren jakitera.
Ordiziako San Jose egoitzaren kasuan, Luis Fernando Andino epaileak sinatutako epaiak jasotzen du ez dela egia “positiboak antzeman arte demandatuen alde ez denik ezer egin”, eta ELAk berak salaketaren lehen argudioetan eskatutako hainbat neurri betetzen hasiak zirela onartu zuela eransten du. Asteartean egindako ahozko ikustaldian, testak apirilaren 1ean egiten hasi zirela eta atzoko egunez bi pertsona bakarrik geratzen zirela testa egin gabe probatutzat geratu zela ere jasotzen du sententziak. Test horiek eta NBEak hornitzeko gobernuko eta osasun agintariek izan dituzten zailtasunak ere aipatzen ditu, eta horren aurrean, enpresa bati erakunde horiei baino “ardura gehiago” ezin zaiola eskatu.
ELA-k apirilaren 14an jarri zituen Ordiziako San Jose, Zumarragako Argixao eta Tolosako Iurramendi zentroak kudeatzen dituzten enpresen eta kudeaketa horretaz arduratzen den Foru Aldundiaren Kabia erakundearen aurkako salaketak, «langileen osasuna, bizitza eta osotasun fisikorako eskubidea» urratu dituztela argudiatuz. Besteak beste, langile guztiei norbera babesteko ekipamenduak ematea eta testak egitea eskatzen zuten. Argixaori dagokion epaia laster emango dute jakitera.