Gazta azoka balkoietan ospatuko dute Idiazabalen
Herriko gaztandegietako gazta jai giroan dastatzeko deia egin du udalak maiatzaren 3ko eguerdirako. Gaztak erosteko eskaintza berezia kaleratu dute.
Idiazabalen Maiatzaren 2 eta 3ko asteburuan egitekoa zen Euskal Gaztaren Azoka ere bertan behera geratu da koronabirusaren eraginez, baina idiazabaldarrek aurkitu dute beren herriko ikur den produktuari gorazarre egiten dion festa ospatzeko. Udalak, Gaztaia Balkoian ekimena antolatu du datorren iganderako, maiatzak 3.
Idiazabalgo gaztak dastatzeko proposamena da, hain zuzen, Gaztaia Balkoian ekimena, Aranburu, Gaztainaditxulo eta Goiburu gaztandegiekin batera antolatu dutena. Maiatzaren 3ko eguerdiko 12:00etan, leiho eta balkoietatik zintzarri eta dunba jotzea egin eta gero, musikaz eta dantzaz lagunduta hiru gaztandegi horietako gaztak dastatzeko deia egin dute. Argazkiak ateratzeko ere eskatu diete herritarrei, eta sare sozialetan #GaztaiaBalkoian traolarekin konpartitzea.
Dastaketa egiteko eskaintza berezi bat ere egin dute udalak eta gaztandegiek. Hala, Aranburu, Gaztainaditxulo eta Goiburu gaztandegietako gazta laurden banako lote bat jarri dute salgai, 20 euroan. Zaharra, ketua eta naturala daude aukeran, eta etxeraino eramango dituzte. Eskariak egiteko udaletxera deitu behar da 943 18 71 00 telefonora edo udala@idiazabal.eus helbidera idatzi. Hurrengo asteazkena, hilak 29, da eskariak egiteko azken eguna.