Jon Urdangarin: "Drindots taldearen 40 urteak eta berrogeialdia aipatuko ditut festetako pregoian"
Lazkaoko San Prudentzio festak bertan behera gelditu badira ere, udalak egitarau birtuala osatu du eta festak balkoietatik ospatzeko deia egin die lazkaotarrei. Txupinazoa eta pregoi irakurketa ere izango dira, San Prudentzio egunaren bezperan, astelehenean. Drindots musika taldearen ardura izango da, eta taldearen izenean, Jon Urdangarinek irakurriko du festa hasierako bandoa.
Lanean harrapatu zaitugu gaur.
Bai. Maizpide euskaltegian aspalditik larunbatetan ematen dugun ikastaroko irakasleetako bat ni naiz azken bi urteetan. Gaur goizean bi taldeko ikasleekin egon naiz, telematikoki klaseak ematen, B2 taldekoak eta C1eko ikasleak ziren.
Beti ematen dituzu klaseak telematikoki?
Euskaltegian inportanteena barnetegia bada ere, aparte ordukako ikastaroak ere ematen ditugu urritik ekainera, eta on line ikastaroak ere bai, Euskal Herriko ikasleekin eta Hego Ameriketako euskal etxeetako ikasleekin. Ni azken horiekin ibili naiz azken urteetan. Gaurkoa aurrez aurre eman beharreko ikastaroa zen, baina hori ezin denez egin, internet bidez ematen ari gara. Baita barnetegiko klaseak ere.
Nola moldatzen zara?
Ni ondo, aspaldi hasi nintzen honetan, 2004an, oso baliabide gutxi zegoen garaian. Orduan audioak bidaltzen nizkien ikasleei, eta Argentinan, adibidez, ziber tabernetan deskargatu behar izaten zituzten… Gaur egun gauzak errazagoak dira, eta ni behintzat, ondo moldatu naiz.
Lazkao, berez, jaietan izan behar zen egun hauetan.
Udalak eta festa batzordeak festak bertan behera uztea erabaki zuten, baita txosna batzordeak ere aurretik. Baina nolabaiteko egitarau bat aurrera eramatea erabaki dute eta zabaldu dute ekintzen berri. Festak berez atzo hastekoak ziren [apirilak 24], txupinazoarekin. Baina orain astelehen arratsaldera pasa dute, San Prudentzio bezperara.
Nik azaletik irakurri dut egitaraua, baina badakit pregoiaz gain, San Prudentzio egunean kanpaiak joko dituztela parrokian eta mojetan, txistu doinuak ere jarriko dituztela megafonian, kuadrillen egunerako ere badagoela brindis bat egin eta balkoietan blusak jartzeko gonbita…
Zuei, Drindots taldekoei egokitu zaizue pregoia irakurtzea.
Bai, eta idatzita, irakurrita eta grabazioa bidalita daukat dagoeneko. Gu ginen atzoko txupinazoa botatzekoak eta egoera berri honetako jaietan ere egingo al genuen galdetu ziguten. Baietz esan genien, eta ni arduratu naiz.
Zer esango duzu pregoian?
Ba pregoia ez dut sekula egin, eta are gutxiago horrelako egoera batean. Laburra izateko eskatu zidaten gainera, eta bi ideia bururatu zitzaizkidan. Ezer ez eta festa dioen esaera zaharrari buelta eman eta Festa eta ezer ez ideia zen bat. Eta bestea, Drindots txupinazoa botatzeko aukeratzeko arrazoia gu musika jotzen ia 40 urte ibil ondoren uztea izan zenez, eta orain berrogeialdian gaudenez, 40 zenbakiarekin beste hitz joko bat egin dut. Eskerrak ere eman beharra dago bukaeran, eta gaur egun erraza da asmatzea eskerrak nori eman dizkiogun.
Giro alaian irakurriko zenuen, ezta?
Egia esan, etxean ordenagailuaren aurrean jarri eta pregoi bat grabatzea, jakinda udaletxean jarriko dutela entzungai baina plazan ez dela inor egongo… Ez dakit nola egingo duten [19:00etan emitituko dute pregoia, lazkao.eus webgunetik zuzenean], baina horretarako bertara joateko eskatzen badidate, joango naiz. Ordizian bizi izanda legez aukerarik ba ote dudan ez dakit, baina arriskatuko naiz.
Festetarako plan berezirik ba al zenuen?
Niretako ekitaldirik inportanteena Drindotsen emanaldia izaten zen. Eta horren aurrean urtero urduri samar ibiltzen nintzen, urteko lehen saioa izaten zelako; aurretik inauterietan edo San Blasetan ere jotzen genuen askotan, baina Lazkaokoa denboraldi hasiera zen guretako. Gainera, bertakoa izanik eta 40 urtez urtero jotzea… Gogoa izaten nuen alde batetik, baina bestetik berriro jo behar genuela pentsatzeak urduri jartzen ninduen. Hala ere, beti sortzen zen giro polita eta ondo pasatzen genuen.
Gero, kuadrillen eguna ere ospatzen nuen, baina azken urteetan ez naiz asko izan. Gurasoen etxera bai, urtero joaten naiz San Prudentzio egunean, eta lagunekin goizean tragoxka batzuk hartzea gustatzen zait.
Pena emango zizun orduan festak ez izateak.
Ni Ordizian bizi naiz, baina lazkaotarra naiz, Lazkaon egiten dut lan eta nahiko izpiritu lazkaotarra daukat. Festak bertan behera gelditu izanak pena ematen dit, bai. Festa giroa asko gustatzen zait eta beti egiten dut joan-etorriren bat, beti azaltzen naiz, besterik ez bada beste taldeak edo kontzerturen bat ikustera. Horrek guztiak mugitzen duena gelditzeak pena ematen dit. Gu aurten erretiratu egingo gara, baina gu bezalako taldeek une gogorrak izango dituztela uste dut.
Festak alde batera utzita, nola daramazu konfinamendua?
Nahiko ondo. Aspaldian on line ematen ditut nire klase gehienak eta nire lanaldiaren zati handiena ordenagailuaren aurrean ematen nuen lehen, larunbateko aurrez aurreko klaseak izan ezik. Hori bai, paseo bat emanez oinez joaten nintzen egunero Lazkaora klaseak emateko, eta orain etxetik bertatik egiten dut lan. Bestela, bizikleta estatikoan pixka bat ibiltzen naiz, eta gainerakoa, ia egunero egiten nuena da, irakurri, telebista ikusi… Ez dut zaletasun berezirik aurkitu konfinamendu honetan.
Amaitzen denean, zer egingo duzu lehenik?
Kalera irten eta paseatu eta ahal balitz, terraza batean tragoxka bat hartu.
Kezka bereziren bat ba al duzu?
Euskaltegiaren egoerak kezkatzen nau batez ere, barnetegiko jarduerak eta aurrez aurreko klaseak bereziki. Eta udako ikastaroak ere bai.