Metro koadroko 46 litro pilatu ziren atzo Zaldibian
Ekaitzak hainbat luizi eragin zituen Aiestaran-Erreka auzoan bereziki, eta hainbat errekastok gainezka egin zuten. Arruegi auzorako bidea ere behera etorri da zati batean. Albiste barruko bideoan ikus daiteke Zubieta baserriaren inguruan atzo iluntzean zegoen egoera.
Atzo iluntzeko ekaitzaren ondorioz euri jasa galanta bota zuen Zaldibian, eta ondorioz, gainezka egin zuten erreten, errekasto eta errekek. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, metro koadroko 46 litro pilatu ziren denbora gutxian Zaldibian, Ataunen 34 eta Ordizian 26.
Luizirik nabarmenena Aiestaran-Erreka auzoan izan zen, Egiluz-Arkakara bidean, eta hura garbitzeko lanean aritu ziren iluntzera arte. Olaldetik Lazkaomendira bidean ere luizi txiki bat dago, eta auto bat pasatzeko adina leku badago ere, kontuz ibiltzeko gomendioa egin du Zaldibiako Udalak. Arruegi auzorako bidea ere behera etorrita dago, eta ibilgailuak igaro ahal izateko lanean ari dira.
Udalak eman den erantzun azkarra eskertu nahi die herritarrei eta larrialdi zerbitzuei, eta jakinarazi nahi du kalteak aztertzen jarraituko duela. 943 88 03 57 telefonoan emango die arreta herritarrei, kalteen berri eman dezaten.
Ekaitzak eragindako kalteak biltzen dituen argazki eta bideo gehiago Zaldibiako Udalaren flickr atarian ikus daitezke.