Merkatariei eta ostalariei nola lagundu aztertzen ari da Beasaingo Udala
Aste honetan egin dute udal gobernuko arduradunek eta merkataritza arloko ordezkariek sektoreko beharrei erantzunteko bilera. Egoera aztertu ondoren, bestelako laguntzen osagarri izango diren hiru iniziatiba proposatu ditu Udalak.
Beasaingo Udala herriko merkatari zein tabernariei administrazio publikoen laguntzen berri emateaz eta tramitazioetan laguntza eskaintzeaz arduratu da. Pandemiak eragingo duen krisiari aurre egiteko helburuarekin, tokiko merkatariei eta ostalariei nola lagundu aztertzen ari da orain. Negozioak itxi zirenetik udal tasen eta zergen kobrantza etenda geratu da.
Aste honetan egin dute udal gobernuko arduradunek eta merkataritza arloko ordezkariek sektoreko beharrei erantzuteko bilera. Egoera aztertu ondoren, bestelako laguntzen osagarri izango diren hiru iniziatiba proposatu ditu Udalak:
- Beasaingo dendetan kontsumitzeko bonuak salgai jartzea: “Udalak tokiko dendetan gastatu beharreko bonuaren zati bat diruz lagunduko luke. Kantitateak definitzea eta forma ematea geratuko litzateke, noiz kontsumituko diren, bonuen kopuruak eta abar”.
- Dendetan saltzen diren produktuak online saltzea ahalbidetzeko, aplikazio bat sortzea: “Udalak aplikazio hori ezartzearen kostua bere gain hartzeko konpromisoa hartuta ere, merkataritzak elikatu eta mantendu beharko du aplikazio hori, eta denboran mantendu”.
- Tasak ez ordaintzearen aukera: zaborraren tasa sei hilabetez ez kobratzea itxita egon diren negozioei eta terrazaren tasa ez kobratzea tabernariei. Terrazen tamaina handitzea ere aztertzen ari da Udala.
Kultur sektoreak golpe gogorra jasoko duela ere aurreikusten da. Hori dela eta, egoera berriz ere bere onera bueltatutakoan, Beasaingo Udalak hainbat kultur ekitaldiren kontratazioan laguntza beharko duela iragarri du.