Ondo bidean, larunbatetik aurrera jarduera fisikoa kalean
Kutsatu kopurua jaisten bada, Espainiako Gobernuak maiatzaren 2tik aurrera jarduera fisikoa etxetik kanpo egitea baimenduko du.
Gaurtik aurrera, sei astez konfinaturik egon ondoren, 14 urte bitarteko haurrak kalera irtengo dira; gehienez ordubetez eta bizilekutik kilometro bat baino gehiago urrundu gabe. Koronabirusa hedatzeko arriskua handitzen ez bada, itxialdiko arauak helduentzat ere arintzen joango dira Espainiako Gobernuak aditzera eman duenez. Bart eginiko agerraldian Pedro Sanchezek iragarri zuen «eboluzioak positiboan jarraitzen badu» maiatzaren 2tik aurrera jarduera fisikoa egitera irtetea eta paseoak ematea posible izango dela. Paseoak etxebizitzako kideekin egin ahalko diren bitartean, jarduera fisikoa bakarka egin beharko da. Aldaketa horien xehetasunak eta baldintzak hurrengo egunetan zehaztuko dituzte.
Bestalde, asteartean, konfinamendua leuntzeko plana onartu beharko dute ministroen kontseiluan. Trantsizioa «mailakatua» eta «asimetrikoa» izango dela aurreratu du Espainiako gobernuburuak. Honek ekainera bitarte iraun dezake.