Ume hotsa itzuli da kaleetara
Goierriko haurrak ere gaur irten dira kalera sei astez konfinaturik egon ondoren. Herriko kaleak umeez gainezka egon dira igande goiz honetan.
Sei asteko itxialdia jasan ondoren, gaur leundu da lehenengoz haurrentzat konfinamendua. 14 urte bitarteko adingabeak kalera irteteko baimena jaso dute eta 18 urte bitartekoak, aldiz, helduen neurri berberak jarraitu beharko dituzte. Normaltasun berrirako lehen urratsa izan da gaurkoa. Arduradun bakarrarekin gehienez hiru ume atera daitezke kalera, zaintzaileak gurasoak izan daitezke, baina ez da derrigorrezkoa. Etxekidea ez den heldu batekin ateratzekotan, tutoreen baimen idatzia eraman beharko da. Esan daiteke segurtasun neurriak errespetatuz egin direla irteerak. Hala ere, etxetik irteteko baimenak goizeko 9:00etatik iluntzeko 21:00ak bitarte irauten duen arren, eguerdiko 12:30ak aldera pilatu da jende gehien. Parkeak, bestalde, guztiz hutsik egoten jarraitzen dute.
Gomendioei jarraituz, maskarak eta eskularruak jantzi dituzte hainbat haurrek. Nagusiki patineteak, bizikletak eta pilotak erabili dituzte dibertitzeko. Horrez gain, aitona-amonek bilobak ikusi dituzte aspaldiko partez balkoietara hurbilduz.