Balkoiak dantzan jarri dituzte
Goierriko dantza taldeek egindako deialdiari erantzunez, Goierriko hainbat herritan bat egin dute asteburuan 'Balkoiak dantzari' egitasmoarekin.
Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da asteazken honetan, eta egun hori girotzeko, Balkoiak dantzari egitasmoa antolatu dute Goierriko dantza taldeen artean. Deialdi horri erantzunez, hainbat herritan atera ziren dantzariak balkoietara, jantzi tradizionalekin eta balkoiak okasiorako zapi, txapel eta alpargatekin apainduta.
Legorretako Irrintzi Alai, Segurako Azpilla, Urretxuko Lurra, Idiazabalgo Axari, Beasaingo Ostadar eta Aurtzaka, Gabiriako Goruntz, Zeraingo Solkie, Lazkaoko Oin Arin, Zaldibiako Iztueta, Ataungo Otsoak, Ordiziako Amets Bide eta Zegamako Tobera taldeek parte hartu dute. Datozen egunetan, jasotako irudiekin bideo bat osatzeko asmoa dute dantza taldeek. Hemen asteburuak utzi dituen irudi horietako batzuk: