Goierriko pentsiodunek borrokan segitzen dute leiho eta balkoietatik
Asteleheneroko mobilizazioei jarraipena eman diote pentsiodunek etxealditik. Betiko aldarrikapenez gain, elkartasuna adierazi diete koronabirusak hil dituen pertsonen senideei.
Adinekoen eskubideak errespetatzea eskatu dute Goierriko pentsiodunek. Aspalditik, astelehenero-astelehenero egin dituzten pentsio duinen aldeko elkarretaratzeei jarraipena emateko modua izan da. Etxeetako leiho eta balkoietan zapiak eta kartelak ipini dituzte, gaur, 12:00etan. Modu horretan, orain arteko aldarriekin batera, elkartasuna adierazi nahi izan diete, koronabirusagatik hil diren pertsonen senideei.
Adinekoen elkarteen iritzia kontutan hartzeko ere eskatu diete agintariei: “Konfinamenduaren irteeran adinaren arabera ez diskriminatzeko, eta irteera segurua bermatzeko beharrezko prebentzio baliabideak, maskarak, eskularruak eta testak egitea” eskatu dute. Prebentzio baliabideak, baliabide ekonomiko urriak dituzten pertsonentzat “doakoak” izateko eskaera ere egin dute.
Bestalde, hondatze fisiko eta emozionala saihesteko eta osasuna zaintzeko, “konfinatu aurreko ohiturak berreskuratzea, esate baterako, ariketa fisikoa egitea, funtsezkoa” dela diote. Era berean, isolamenduak bakarrik bizi diren adineko pertsonengan izan ditzazkeen osasun arazoak kontutan izanda, “lehenbailehen ateratzea eta behar den laguntza izatea beharrezkoa” dela adierazi dute.