Legazpiko Meazti etxeko langileen eskubideak ez direla bermatzen salatu du CCOO sindikatuak
Langile horiek egiten duten lana balioan jartzeko eskatu dio udalari. Zentroan koronabirusari aurre hartzeko neurriak ez direla martxan jarri salatzen du.
CCOO sindikatuak kaleratutako ohar batean jakinarazi duenez, datozen orduetan salaketa bat jarriko du Legazpiko Udalaren aurka, Meazti Babespeko Apartamentuetako langileen “oinarrizko eskubideak ez direlako bermatzen”.
Sindikatuak dioenez, “behin baino gehiagotan” salatu du Meaztiko langileen egoera, baina orain Eibarko Lan Arloko Epaitegian aurkeztu behar du udalaren aurkako salaketa, langileek egiten duten lan guztia ez duela aitortzen eta koronabirusari aurre hartzeko neurriak behar bezala ez dituela aplikatu argudiatuz.
Meaztiko langileek 22 erabiltzaileen ardura dutela dio CCOO-k oharrean, eta gerokultore lanak egiten dituzten arren, hau da, “zaindu, botikak eman, jaten eman, oheratu, garbitu eta abar”, eraikuntza eta lokalen garbiketarako Gipuzkoko konbenioa aplikatzen zaiela.
Gainera, duela aste betera arte, Osasun sailaren segurtasun protokoloak ezarritako NBE-ak ez dituztela izan salatu du sindikatuak, eta Eulenek COVID19-a atzemateko testa “zentroko langile bati eta begirale bati bakarrik” egin diela ere jaso du oharrean, nahiz eta langile guztiek eskatu duten proba hori egitea, “Meazti Etxean bizi diren pertsona guztien segurtasuna bermatzeko”.
Legazpiko Udalak, bere aldetik, CCOOk kaleratutako oharraren berri ez duela jakinarazi du.