Ekaitz osteko kalteen kezkan
Zaldibiako eta Ataungo baserri bideetan kalte dezente eragin ditu ostiral iluntzeko erauntsiak. Aldundiak ezeztatu egin ditu aurtengo laguntzak osasun krisia dela eta
Bota zuen, bota zuenez. Joan den ostiral iluntzean botatako trumoi-ekaitza ondo gogoan gordeko dute Zaldibiako eta Ataungo hainbat auzunetan. Ikarragarrizkorik ez zen izango akaso, baina bi udalerri horietako erreka-ziztor zenbait nola zetozen ikusteak eman zion apartekotasuna erauntsiari. Bai Amundarain errekak bai Agauntza errekak ondo eutsi zioten emariari, kalteak baso barrenetako erreten horiek sortu zuten batik bat. Zaldibian 47 litro bota zituen metro koadroko ordu batean, Ataunen 34, eta bi herriotan hainbat baserri bide hondatu zituen.
Ostiral iluntzean bertan Zaldibiako Aiestaran-Erreka auzoa bihurtu zen albiste. Aiestaran-Goena baserriaren azpialdean gaur egun Santa Barbara izenez ezagutzen den eremuan luizi handia sortu zen, errepidea moztuz. Baina handik gertutik, Zubieta baserri ingurutik, iritsi ziren irudirik ikugarrienak. Zuazola errekastoak inoiz erakutsi gabeko emaria ekarri zuen. Egun berean, larrialde zerbitzuak aritu ziren luiziaren kalteak aritzen, eta biharamunean auzolanean garbitu zuten dena.
Baina luizi eta kalte gehiago ere sortu zituen. Olaldetik Lazkaomendira bidean beste luizi bat izan zen, eta Arruegi auzorako bidea, berriz, behera etorri zen. «Larunbaterako pasatzeko moduan jarri genuen auzotarren laguntzaz, eta gaur [atzo] hondeamakina bat etorri da. Aste honetan bertan bidea zabaltzeko moduan egongo garela uste dut», adierazi du Eztitxu Mujija Zaldibiako alkateak.
Ataunen, bi eremutan
Ataungo Motasorotik gora dauden Iturtxo, Itzate eta Sotxeta baserrietara doan bidean, eta Lauztierrekatik gora dauden Sorozabal, Bordazulo eta Urrutxu baserrira doanean sortu zituen kalteak ostiraleko euri-jasak. «Zati bat metro erdi inguru hondoratu da, magal guztia mugitu da Iturtxora bidean. Autoarekin pasatzeko moduan dago, baina konponketa handia behar da», zehaztu du Martin Aramendi Ataungo alkateak.
Bigarren eremua, berriz, udal langileen eta auzotarren lanari esker txukundu ahal izan zuten joan den larunbatean bertan, eta atzo, gaur eta bihar artean hondatutako hoditeria konponduko dute. «Orain bi urte, Udako Ibilbide Mitologikoko egunean, San Martinen jo zuen eta orain San Gregorio aldeko eremu horietan jo du gehiago».
Diputazioaren laguntzak
Osasun alarma krisiak eraginda, Gipuzkoako Foru Aldundiak bertan behera utzi ditu aurten baserri bideak konpontzeko laguntzak, eta horrek ataka zailean jarri ditu bi udalerriak. Bi alkateak harremanetan daude, eta bihar bertan Imanol Lasa diputatuarekin bilera telematiko bat egitekoak dira, larrialdi laguntzarik izango ote duten jakiteko.