Koronabirusak jota 42 egoiliar hil dira Arangoitin, Argixaon eta San Josen
Goierriko zahar etxeetan 34 kasu aktibo daude, eta 23k altak jaso dute dagoeneko. San Juan, Santikutz eta Txindoki egoitzetan ez da kasurik atzeman. Egoera egonkortzen ari da
42 pertsona hil dira Arangoiti, Argixao eta San Jose zahar egoitzetan koronabirusak erasanda. Zehazki, zazpi egoiliar zendu dira Beasainen, dozena bat bat Zumarragan eta 23 Ordizian. Lurralde osoan 156 egoiliar hil dira eta orotara 245. Hau da, Gipuzkoan koronabirusaren erruz hiltzen diren hiru lagunetatik bi zahar etxeren bateko egoiliarrak dira. Gipuzkoako adineko pertsonen arretarako egoitza sarean 5.425 pertsona artatzen dira, eskualde osoko biztanleriaren %1a baino gutxiago.
Halere, egoera hobera egiten ari da. Azken egunetan kasu berririk ez da agertu eta geroz eta gehiago dira senda-agiria jasotzen dutenak. Goierriko zahar etxeetako 23 lagunek jaso dute alta: Beasainen sei dira osatutakoak, Zumarragan bost eta Ordizian hamabi. «Datuek hobera egin dute, baina tentuz joan behar dugu», ohartarazi du Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak. Lurralde osoan 193 dira osatutakoak.
Goizegi da oraindik gaixotasunaren hedapena mugatzeko hartutako neurriak arintzeko. «Ahalik eta azkarren egitea gustatuko litzaiguke, baina berme guztiekin egin behar dugu», dio Mendozak. 34 dira kasu aktiboak Goierrin. Arangoitin kasu bakarra dago, Argixaon hemezortzi eta San Josen hamabost. Gehiengoaren egoera ez da larria eta apurka-apurka osatzen joatea espero dute arduradunek. Gipuzkoa osoan 195 kasu aktibo daude, eta horietatik 61 zaintzapean: 29 Donostiako Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioan eta 32 ospitalean. «Prebentzio eta euste neurri sendoak biltzen dituzten protokoloak osatu genituen Osakidetzarekin elkarlanean. Bertan, eszenatoki ezberdinak finkatzen dira eta bakoitzean hartu beharreko neurriak zehazten dira. Era berean, zazpi lan lerro eta 50 ezohiko neurri hartzen dituen Txoke Plan bat ere jarri dugu martxan». «Sekulakoa da denon artean egiten ari garen ahalegina. Ez dugu birusa erabat oztopatzea lortu, baina egiten ari den lana izugarria da», borobildu du bozeramaileak.
Segurako San Juan, Legazpiko Santikutz eta Lazkaoko Txindoki egoitzetan lortu dute koronabirusa ekiditea. Ez da kasu bakar bat ere atzeman.