"Osasuna kapitalaren gainetik" jartzeko aldarria
Laneko Osasunaren Egunean, langileen osasuna arriskuan jartzen ari dela salatu du euskal gehiengo sindikalak. CAFeko enpresa batzordeko kideek protesta egin dute lantegiaren atarian.
Laneko Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna da gaur eta ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru Etxalde eta CGT Nafarroa sindikatuek deituta, mobilizazioak egiten ari dira lantegietan, “osasuna kapitalaren gainetik” jarri behar dela aldarrikatzeko. Koronabirusak eta alarma egoerak baldintzatutako deialdia izan da aurtengoa, eta sindikatuen ustez, «irakasgai argia» utzi dute azken hilabete hauek. «Gobernuentzat eta kapitalarentzat gure bizitzak duen balioa agerian geratu da. Beharrezko denean kapitalaren mesedetan gure bizitzak arriskuan jartzeko prest dira».
Krisi horren kudeaketan langileen osasuna «arriskuan» jarri dutela salatu dute. «Zenbat pertsona gaixotu edota hil dira egoera honetan lan egiteagatik, langile horiekin bizitzeagatik edo langile horiek artatuta? Arriskuan jarri dituzte ere, funtsezkoak ez diren sektoreetako langileak, prebentzio neurri egokirik gabe lan egitera behartu dituztenean, bestelako mugimendu guztiak erabat debekatuta zeuden bitartean».
Hala, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunarekin batera, salaketa eguna egin dute gaur. Hainbat lantegitan elkarretaratzeak, isiluneak edota eserialdiak egin dituzte, beti ere segurtasun neurriak beteta. Etxeetatik ere, leiho eta balkoietan xingola beltzak jartzeko deia egin dute, «lanagatik hil edo gaixotu direnekin elkartasuna adierazteko eta egoera hauek salatzeko».