«Atsedena hartu eta bazterrak ikusteko asmoa daukat orain»
Beasaingo Nekolalde kaleko, 18. zenbakiko Maritxuren fruta dendak bihar, 20:00etan itxiko du betiko pertsiana. Maritxu Garmendiak (Lazkao, 1954) erretiroa hartuko du.
Duela 39 urte, otsailaren 2an, Kandelaria Egunean ireki zuten fruta denda Maritxu Garmendiak eta senarrak Beasainen, Alkartasuna Lizeo ondoan. Besteak beste, auzotarren topaleku izan da ia 40 urtean.
Nondik nora erabaki zenuten fruta denda irekitzea?
Senarra lanik gabe gelditu zen. Kamioi gidaria zen Suministros Eason, San Inazio kalean zegoen; itxi egin zen. Langabeziara bidali eta indemnizazioa eman zioten. Langabezia aurrera zihoan eta bukatzerako zerbait egin behar zela ikusten genuen. Nekolalde kaleko, 18. zenbakiko lokala erosi genuen. Senarra kamioi gidari bezala jarri zen, altzariak eta eramaten… Biltegi bezala jarri genuen lehenengo. Baina gero pixkanaka fruta denda jartzen joan ginen. Fruta senarrak ekartzen zuen kamioian.
Nondik ekartzen zenuten?
Calahorratik (Errioxa, Espainia). Astean bitan joaten ginen fruta bila. Igandeetan biok joaten ginen, eta aste erdian beste buelta bat egiten zuen senarrak. Garai hartan ez zen supermerkaturik Beasainen, ekonomatoak bakarrik zeuden. Baina ekonomatoetan ez zen frutarik egoten. Orduan oso ondo lan egiten zen.
Berritasuna izango zen orduan.
Bai. Beste dendaren bat bazen, baina frutarekin lan egiten zuen askorik ez. Poliki-poliki pentsa zenbat urte egin ditugun. Hasieran frutarekin bakarrik hasi ginen, eta pixkanaka hasi ginen beste produktu batzuk sartzen.
Jende asko ibiliko zen.
Asko. Orduan emakumea etxean zegoen, ez zuen lanik egiten kanpoan, eta familiak ere handi samarrak ziren. Fruta asko jaten zen. Horretaz gain, etxe askotan barazkiak eta frutak poteetan sartzen ziren. Tomateak, piperrak…. Tomate eta piper garaian lan asko egiten zen.
Kokapen ona du dendak, Alkartasuna Lizeoaren ondoan dago.
Leku ona da bai. Urte askoan 18 urte arteko eskaintza izan da Lizeoan eta bi atari ordu edukitzen zituzten ikasleek. Hamaiketakoa erostera etortzen ziren ikasleak: fruta, ogitartekoa, tomatea, pepinoa… Fruta asko saltzen zen. Goxokiak gutxiago. Goxokiak ere pixkanaka joan ginen sartzen.
Garai txarrak ere izango ziren…
Behin supermerkatuak irekitzen hasi zirenean eta bikoteak kanpoan lanean hasi zirenean, salmenta jaisten joan zen. Baina hemen lana ondo egin da. Adineko pertsonekin ere lan asko egin da; orain gutxitzen ari dira auzoan.
Denda ez duzue askotan itxi.
Ez dugu baja bakar bat ere hartu. 08:00etatik aurrera, ordu pilo bat sartzen aritu gara, baina gustura. Ordu asko dira baina eguna konturatzerako joaten da.
Ixteko garaia aurretik zeneukan jarrita?
Bai. 66 urte egin behar ditut ekainaren 8an. 65 urterekin ezin izan nuen jubilatu eta apirilaren 30era arte lana egin beharra izan dut. Bihar itxiko dut.
Barruak zer esaten du? Zein sentipen duzu?
Nik uste dut behar dudala atseden pixka bat. Senarra duela lau urte jubilatu zen eta zain dago pixka bat mugitzen hasteko. Orain pena ematen dit denda itxita geratzeak. Nahiko nuke norbaitek hartuko balu. Gusturago geldituko nintzateke. Pena ematen dit, auzoko jendea dendarik gabe gelditzen delako. Orain momentu honetan, gainera, koronabirusaren kontu honekin, jende gehiago dabil.
Hemendik aurrera zein asmo daukazu?
Atseden pixka bat hartu eta inguruko bazterrak ikusi. Gure lanagatik ezin izan gara asko mugitu. Familia ere bertan daukat, eta Lazkaomendin, baserrian, elkartzen gara denok asteburuan eta hori ere ezin utzi. Donostiara ez naiz aspaldi joan adibidez. Hau dena pasatzen denean hasiko gara mugitzen.