Egunean Behin, laugarrenez
Hamar aste iraungo du Egunean Behin jolasaren laugarren denboraldiak. Segurarrak izan dira orain arteko bi irabazleak: Eneko Agirrezabal eta Eñaut Arretxe
Egunean Behin jokoa bueltan da, laugarrenez. Herenegun hasi zen tribial estiloko euskarazko galderaerantzun jokoaren laugarren denboraldia eta hamar aste iraungo du, uztailaren hasierara arte. Denboraldiaren babeslea Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetza izango da, eta lehen astean liburu bilduma bat oparituko dute Etxealditik Euskaraldira kanpainarekin bat eginez.
Jokatu nahi duenak Egunean Behin appa bere mugikorrera jaitsi behar du. Android eta Ios sistemetara egokituta dago. Jokoak milaka deskarga izan ditu: urtebetean, CodeSyntax enpresakoek proiektua martxan jarri zutenetik, 100.000 lagunek jokatu dute dagoeneko partidaren bat. Laugarren denboraldiko lehen egunean 50.000 jokalariren langa gainditu zen.
Laugarren denboraldian galdera sorta berria egongo da. Hilabete batzuk atzera galderak programatikoki sortzeko lehiaketa bat abiatu zuen CodeSyntaxek EHUren Informatika Fakultatearekin batera eta bertan jasotako ideiak jokora eraman dituzte. Saritutako ideia batzuk horratzezko ordulari batek markatzen duen ordua asmatzea, zein eskualde den ezagutzea edo perspektiba jolasak izan ziren, eta laster txertatuko dituzte jada 50.000 itaun baino gehiago dituen galdera multzoan.
Edizio honek ere finala izango du. Antolatzaileen nahia aurrez aurrekoa izatea da, baina ikusi egin beharko da koronabirusak horretarako aukera uzten duen. Finalera sailkatzeko norberaren bost aste onenekin egindako sailkapen orokorra hartuko da kontuan. Esan gabe doa multzoak sor daitezkeela lagun, lankide eta herritarren artean jokatzeko.
Segurarrak, errege
Eneko Agirrezabal eta Eñaut Arretxe segurarrak izan dira orain arteko irabazleak. Lehen edizioak ez zuen finalik izan, bigarrena Agirrezabalek eraman zuen Azpeitiako San Agustin kulturgunean eta hirugarrena, youtube bidez egindako finala, Arretxerentzat izan zen.