Konfinamenduaren arintzea, lau fasetan
Espainiako Gobernuak konfinamenduko neurriak arintzeko plana aurkeztu du. Bina asteko lau fasetan gauzatu nahi dute, probintzika, eta 6 eta 8 aste arteko iraupena izango luke.
Asimetrikoa, mailakakoa eta Espainiako Gobernuak koordinatutakoa izango da, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak jakinarazi duenez, koronabirusak eragindako alarma egoera amaitzeko plana. Dena ondo badoa, ekainaren amaierarako ezarriko da «normaltasun berria». Lau fase izango ditu planak, eta fase bakoitzak bi asteko iraupena. Lurraldeka aplikatuko da, eta lurralde unitatea probintzia izango da. Ez badira betetzen fase bakoitzeko helburuak, atzera egin ahal izango da.
Prestakuntza edo 0 fasea maiatzaren 4an hasiko da. Haurrak eta helduak kalera ateratzeaz gain, etxera eramateko janaria prestatzen duten jatetxeak ere irekiko dira, eta kirolari profesionalek entrenatzeko aukera izango dute. Lehenengo fasean denda txikiak irekiko dira. Tabernetako terrazak ere irekiko bai, baita ostatuak ere, gune komunak izan ezik. Erlijio guneak ere irekitzen hasiko dira, edukieraren herena bakarrik erabilita. Garraio publikoan maskara erabiltzea gomendatuko dute.
Bigarren fasean jatetxeen txanda iritsiko da, baita tabernetako barru aldeena ere, baina edukieraren herenarekin . Erakusketa gelak eta antzokiak ere irekiko dira. Ikastetxeak ere zabalduko dira selektibitatea egiteko, errefortzu klaseetarako eta etxean zaindu ezin dituzten 6 urtetik beherako haurrak joateko. Ikasturtea irailean hasiko da. Hirugarren fasean, jendearen mugikortasuna irekiko da, baina maskararen erabilera gomendatuko dute.
- 0. fasea. Egungo egoeratik maiatzaren 11ra arte.
- 14 urtez azpikoen irteera.
- Banakako kirola egiteko irteerak.
- Lokal txikien irekiera (ileapaindegiak, eramateko janariak…), aurrez txanda hartuta.
- 1. fasea. Maiatzaren 11tik 25era (luzatu liteke).
- Hainbat aktibitateren hasiera partziala, segurtasun baldintza zorrotzekin.
- Tabernen terrazak irekiko dira, %30eko gaitasunarekin, eta 65 urtetik gorakoek lehentasunezko ordutegia izango dute.
- Nekazaritza, elikadura eta arrantza sektoraren normalizazioa.
- Elizen eta erlijio zentroen irekiera, aforoa heren batera mugatuta.
- Kirolari profesionalen entrenamenduak hasi eta errendimendu altuko zentroak zabalduko dituzte.
- 2. fasea. Datak finkatu gabe (gutxienez maiatzaren 25etik aurrera).
- Taberna eta jatetxeen barruko espazioak irekiko dituzte.
- Zineak eta antzokiak zabalduko dituzte, aforoa heren batera mugatuta.
- Monumentu eta erakusketa aretoetarako bisitak edota hitzaldiak baimenduko dituzte, edukiera heren batera mugatuta.
- Ikuskizunak egiten hasi ahal izango da; toki itxietan 50 laguneko eta edukieraren heren bateko mugarekin.
- Leku irekietan berriz, eseritako 400 pertsona arteko muga izango dute ikuskizun horiek.
- Elizak %50eko aforoarekin zabaldu ahal izango dituzte.
- 3. fasea. Datak finkatu gabe.
- Etxetik kanpo eta garraio publikoan maskarillak erabiltzen jarraitu beharko da.
- Jatetxeak, lokal komertzialak eta aisialdikoak zabaldu ahal izango dituzte, gehienez ere, %50eko aforoarekin.
- Jatetxeek bezeroak elkarrengandik banatuta mantentzeko neurri zorrotzak bete beharko dituzte.