Laneko segurtasun eta osasun egunetik, Maiatzaren 1eko aldarrira
Goierrin mobilizazioak egin dituzte enpresa handien atarietan lan osasuna bermatzeko eskatuz. Maiatzaren 1ari begira, ikur bateratua kaleratu dute euskal sindikatuek.
Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Munduko Egunak esanahi berezia hartu zuen atzo, apirilak 28, eta koronabirusak langileengan eragindakoak izan ziren egun horren harira kaleratutako aldarrikapenen oinarri.
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, Etxalde eta Nafarroako CGT sindikatuek osatutako euskal ge-hiengo sindikalak deituta, lantegi askotan mobilizazioak egin zituzten, koronabirusaren krisiak langile guztien osasuna «arriskuan» jarri duela gogoratuz. Funtsezko zerbitzuetan ari diren osasun langileak, zaintza esparruko langileak, garbitzaileak, garraioan dabiltzanak, elikadura saltzaileak, farmazietako langileak, gasolindegietakoak… izan zituzten bereziki gogoan.
Goierrin ere izan zuten oihartzuna aldarrikapen horiek, eta besteak beste, egun hauetan lanean ari diren CAF, Indar, Estanda edo Hine lantegiko langileek deialdiarekin bat egin zuten. Elkarretaratzeak, isiluneak, eserialdiak… egin zituzten, distantzia ziurtatuz bilduta, eta Lan osasuna bermatu, bizitza defendatu! edo Osasuna kapitalaren gainetik bezalako leloak zeramaten aldarrikapen kartelak eskuetan hartuta. Mobilizazioetan ateratako argazkiak sare sozialetan zabalduz osatu zuten aldarrikapen eguna, baita ere etxean, leiho eta balkoietan xingola beltzak eskegita, «lanagatik hil edo gaixotu direnekin elkartasuna adierazteko».
Osalanek Euskadiko Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutuak ere gogoan izan zuen atzokoan Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Munduko Eguna, eta bere konpromisoa «enpresa bakoitzeko laneko arriskuen prebentzioan birusa ez hedatzeko segurtasun eta osasun neurriak hartzea izan dela eta izaten ari dela» gogoratu zuen.
Bestetik, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) Emantzipa…Zer? enplegu eta gazteria lantaldean batutako hainbat gazte elkarte, kolektibo eta sindikatu ere batu ziren atzoko eguneko aldarrikapenetera, eta «gazteok pairatzen dugun prekarietatea eta honek gure ongizatean dituen ondorio latzak» salatu zituzten, «lan istripuetatik zein gaixotasunetatik harago doan egoera bat da, eta azkenengo urteetan eman diren murrizketa soziolaboralak direla-eta areagotu besterik ez da egin», azaldu zuten.
Maiatzak 1, ikur komuna
Lan munduarekin lotutako aldarrikapenentzako hurrengo hitzordua ostiralean da, baina aurtengo Maiatzaren 1a atipikoa izango da, manifestaziorik gabekoa. Izan ere, beste festak, jarduerak, ospakizunak edo onomastikak bezala, Maiatzaren 1eko Langileen Nazioarteko Eguna ere balkoietara eramango da, eta balkoietara atera beharko dituzte langileek aldarrikapenak eta ikurrak, koronabirusak eragindako alarma egoeraren ondorioz.
LAB, ELA, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek irudi edo ikur bera partekatuko dute egun horretan eta balkoietan eta leihoetan zintzilikatzeko eskatu dute, «langileon indarra eta aldarrikapena ikustarazteko». Ostadar koloretsu batek zeharkatzen dituen M hizkia eta 1 zenbakia dira irudiaren elementu nagusiak, biak atzealde beltz baten gainean kokatuta. «Kapitalak marrazten digun etorkizun beltzaren aurrean, bizitza erdian jartzen duen etorkizuna marraztu nahi dugu guk, kolorez beteriko etorkizuna, dinamikoa».
Irudia edo ikurra partekatuko dute, baina sindikatu bakoitzak bere ekimen propioak antolatu ditu Maiatzaren 1erako.
LAB-ek, esaterako, auto karabanak, streaming bidezko jarduerak eta balkoietatik protesta ekintzak iragarri ditu, koronabirusak ezarritako «salbuespen egoera» honek nabarmendu dituen arazoak gehiago bistaratzeko: besteak beste, prebentzio neurririk gabe lan egitera behartuak izana, osasun sistema publikoaren ahulezia eta zaintza lanak pribatizatu eta azpigaratu izanaren ondorioak. Aldi berean, publikotasunaren garrantzia aldarrikatu nahi du sindikatu abertzaleak, «beharrezkoa da osasun eta zaintza sistema publiko sendo bat izatea».
ELAk, bizitzarako ezinbesteko sektoreetako langileen garrantzian jarriko du ardatza Maiatzaren 1eko aldarrikapenenetan, baita publikoaren defentsan ere. Sindikatuko idazkari nagusia den Mitxel Lakuntzaren esanetan, sektore horiei balioa eman behar zaie, «lan horiek prekarizatuta egon baitira orain arte». Sektore publikoa «indartzeko unea» heldu dela dio.