Maskarak eta janaria banatzen
Zerainen ez dute koronabirus kasu positiborik atzeman. Boluntario taldeak Eudelek bidalitako maskarak banatu ditu, eta Mandio zein Ostatun etxerik etxe ari dira.
Hilabete eta erdi daramate etxean zeraindarrek ere. Konfinamendua dela eta, Mandio taberna eta Ostatua itxita daude. Halere, bi astean behin etxez etxeko banaketa egiten dute bazkari edo afariak eskatzen dituztenen artean. Bestalde, herritar talde batek boluntario taldea jarri du martxan. Botikak eta beharrezko produktuak banatzen dituzte behar duten zeraindarren artean, eta udalarekin elkarlanean ari dira taldea kudeatzeko. Goierrin 276 kasu positibo atzeman dituzte guztira, baina Zerainera ez da iritsi: «Ez dugu kasu positiborik eta, beraz, zentzu horretan ondo gaude», azaldu du Amaia Junquera alkateak.
Auzolanean banatzen
Eudel Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko udalen elkarteak 300.000 maskara banatu ditu udalerrien artean, biztanle kopuruaren arabera. Zerainera ere iritsi dira, eta boluntario taldeak atzo prestatu eta banatu zituen herriko adinekoen artean. Guztientzat ez dagoenez, adinekoek dute lehentasuna. Izan ere, Zeraingo Udalak azaldutakoaren arabera, agindu zuten kopuruaren erdia baino gutxiago iritsi da: «Agindutakoa jaso balitz herritar heldu guztientzako iritsiko zen, baina orain kopuru txikiagoa izanda, adinez nagusienak hartu dira kontuan banaketa egiteko».
Eudelek banaturiko maskara loteek akatsak zituztela aipatu da egunotan komunikabideetan. Zeraingo Udalak azpimarratu du konpontzeko erraza dela: «Goma libratzen zaie batzuei eta hori da akats bakarra».
Jon Etxeberria, Gorka Urteaga eta Jokin Intsausti boluntario taldean ari dira lanean. Azaldu dute lan handirik ez duten arren, behar denerako erosketak eta banaketak egiten dituztela: «Behar denean botikak ekartzen ditugu Seguratik, orain Eudeletik iritsitako maskarak banatzen gabiltza, zorionez ez dago kasurik ezta lan handirik ere».
Aipaturiko maskarez gain, Ordiziako bolondres talde batek 3-8 urte bitarteko umeentzako maskarak eman dizkio Zeraingo Udalari: «Herrian banaketa egingo da eta ume bakoitzari bi maskarako pakete bana emango zaio», adierazi dute.
Jatekoa etxera
Zeraingo Turismo Bulegoko denda irekita dago. Bertan inguruko ekoizleen produktuak dituzte salgai: sagardoa, eztia, arrautzak, ukenduak… Konfinamendu hasieran salmentek gora egin zutela nabaritu zuten, baina egoera lasaitu da. Mandio taberna eta Ostatua, aldiz, itxita daude, baina etxez etxeko banaketa egiteko aukera dute. Ostatuko arduraduna den Aiert Izagirrek azaldu du platerak prestatu eta saltzen dituela: «Piper beteak, txipiroiak tintan edo albondigak saltsan… egunero hemen eskaintzen dugun genero berdina, baina etxera eramanda». Mandio tabernako Maria Luisa Aizpeoleak, berriz, edariak, postreak eta otartekoak eskaintzen ditu: «Bat eskatuta ez, baina 10 otartekotik gora badira egiten dugu banaketa». Ekimen bat jarri zuten abian herrian, bi astetik behin Ostatuan zein Mandion janari eskaera egiteko.
Ostalaritzaren egoera kaskarra den honetan, herritarren parte hartzea eskertzekoa dela adierazi du Izagirrek: «Bakoitza ahal duen moduan esku bat botatzen ari dela ikusi dugu». Itxita, gastuak ordaintzeko aukerarik ez dute. «Behintzat hori egiten dugun bitartean mantentzeko balio du», azaldu du Aizpeoleak.