Hamabost sendagiri eman dituzte Goierriko adinekoen egoitzetan
Egoerak hobera egin du azken egunetan Beasaingo, Ordiziako eta Zumarragako adinekoen egoitzetan. Zumarragan 8 sendagiri eman dituzte eta Ordizian beste zazpi.
Koronabirusak gogor jo ditu adinekoen egoitzak, baita Goierrin ere. Beasaingo Arangoiti, Ordiziako San Jose eta Zumarragako Argixao izan dira gaitzaren alderik beltzena ikusi dutenak. Guztira 43 egoiliar hil dira, orain arte, hiru egoitza horien artean -azkena asteartean-. Azken egunetan, ordea, hobera egin du egoerak; astelehenetik heriotza bakarra izan da, eta gaitzari aurre egin diotenak gero eta gehiago dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, atzo 15 laguni eman zioten sendagiria, Zumarragako egoitzako 8 egoiliarri eta Ordiziako beste 7ri.
Aldundiaren arabera, Gipuzkoako egoitza sarean, orain arte 225 lagunek jaso dute mediku alta; guztira birusarekin kutsatuta egon diren pertsonen %41ak. Gipuzkoa mailan, 160 lagun hil dira erresidentzietan eta 163k diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute.
Desgaitasuna duten pertsonen egoitzei dagokienez, Eider Mendoza foru bozeramaileak adierazi du egoitza hauek “Covid-19tik libre” geratu direla, diagnostiko positiboarekin zegoen azken pertsona sendatu ondoren