Ingurumena hezibidean
Landarlan Ingurumen elkarteak Naturan Hezten hezkuntza proiektua sortu du. Webgune bat da horretarako euskarria. Arazo egoerak proposatzen ditu irakaskuntza arautuari begira
Amalurrak bizi duen egoera honetan «planeta zaintzen hastea eta orain arteko ohiturak aldatzea» ezinbestekoa dela iritzita, Goierriko Landarlan Ingurumen Elkarteak natura eta hezkuntza uztartzen dituen proiektu berri bat jarri du abian: Naturan Hezten. «Natur aberastasunaren zaintzarako kultura zabaltzeko» tresna bat da, eta webgune bat da horren garapenerako euskarria: naturanhezten.eus.
Ez da ezerezetik iritsi den egitasmo bat, Ion Fontenla Landarlaneko kideak adierazi duenez. Aralar, mundu leku den lurra dokumentalaren zuzendarietako bat da, eta harako sortutako eta kanpoan utzi behar izandako materiala erabili dute atari digitala sortzeko. «Dokumentalerako erabili ez genituen elkarrizketen galdera-erantzun eta irudi asko ekarri ditugu orain hona. Gure helburua ingurumenaren dibulgazioaren eta babesaren alde egitea da, eta iruditu zaigu hezkuntza dela horretarako dagoen tresna eta baliabiderik garrantzitsuena».
Eta ezta kasualitatea izan ere proiektu hau orain aurkeztea. Urtebete pasako lana dago atzean bideoak sortu, materiala prestatu, produkzioa, webgunea…, baina Fontelak aitortu du «zertxobait behartu» dutela aurkezpena. «Azken hilabetean lan handia egin dugu, ikusi dugulako bizi dugun testuinguru honekin bat egiten zuela gure proiektuak, eta aldi berean, jendeak ere eskertuko zuelako mendi buelta bat egitea ordenagailu parean bada ere».
Pedagogiaren bidez eragin
Landarlaneko kidearen esanetan, klima aldaketak Lur planetan suposatzen zuen mehatxuaren berri duela hamarkada batzuk izan arren, «orain gutxi konturatu gara arazo oso larria» dela. Eta ildo beretik, Fontenlak gogoratu du giza-ekintzak naturaren gain eragiten dituen «presioak mantenduz gero», urte gutxian milioi bat espezie galduko direla ohartarazi zutela zientzialariek joan zen urtean.
«Testuinguru honetan, bat-batean zoonosi bidez iritsi den koronabirusak mundua gelditu du. Egundoko krisi globala eragin duen gaitz hau, gizakiak fauna basatiarekin egiten dituen gehiegikeriekin lotu dute adituek». Ingurumen elkarteko kidearen ustez, «garbi dago, azken hamarkadetan natura arduragabekeria handiz ustiatu» duela gizakiak, «mundu mailako krisi ekologiko bat sortuz, eta oharkabean, gure gizartearen etorkizuna zalantzan jarriz».
Egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko «gizartearen pentsaera eta jarduna errotik aldatu behar» direla uste du, eta horretarako «tresnarik eraginkorrena pedagogia» dela iruditzen zaie Landarlan Ingurumen Elkarteko kideei. Horregatik sortu dute «hezkuntza helburu duen eta adin guztietarako pertsonei» zuzendutako webgunea. «Helburua gure ingurune naturalaren ezagutzan sakontzea da. Hainbat arlotako Arazo egoerak aurkitu daitezke, baita bideo, mapa, eta baliabide ugari ere».
Arazo egoerak, etapaka
Hezkuntza egitasmo bat denez, ahalegin berezia egin dute gaur egungo hezkuntza curriculumean zehazten diren Arazo egoerak atalari. Hezkuntza sailaren esanetan, Arazo egoerak irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren abiapuntua dira, eta jakintza berriak lortzea ahalbideratzen diete ikasleei. Lau etapatan banatuta, 0-18 urte arteko ikasleentzat egokitutako material didaktikoa osatu dute Landarlaneko kideek, galderak eta bideo laburrak proposatuz lan tresna modura.
Astebetean egiteko moduko proiektuak direla nabarmendu du Fontenlak: «Proiektu motzak eta naturarekin lotuta mezu argia daukaten horiek dira eraginkorrenak, bai irakasleak heldu diezaion eta baita ikasleentzat ere. Datorren ikasturtean Arazo egoera hauek eskolara eramatea lan interesgarria izan daiteke». Mapa atalean, berriz, hainbat arlorekin lotura duten kokalekuak aurkitu daitezke.
Bideoen edizioaz ON Produkzioak arduratu da, eta Diego Besnek sortu du webgunea. Proiektua Kutxa Fundazioak babestu du, eta Irizar eta Orkli kooperatibek lagundu dute diruz.