Garbiguneak eta traste zaharren bilketa, astelehenetik martxan
Sasieta Mankomunitateak koronabirusa dela eta bertan behera utzitako bi zerbitzuak martxan jarriko ditu hilaren 11tik aurrera.
Goierriko hiru Garbiguneak eta etxeko traste zaharren bilketa astelehenetik martxan jarriko dituzte atzera. Koronabirusaren hedapena saiesteko neurri moduan eten zituzten zerbitzu horiek martxoaren 24an, eta konfinamendua arintzeko neurrien 1. fasea hastearekin batera, berriz indarrean jarriko dituzte, hilaren 11tik aurrera.
Garbiguneei dagokionean, Beasain, Ordizia eta Urretxuko guneak ohiko ordutegian zabalduko dituzte, astelehenetik ostiralera goiz eta arratsaldez (09:00-12:30 eta 15:30-18:30) eta larunbat goizetan (09:00-13:00).
Bolumen handiko etxeko traste zaharren bilketari ere astelehenetik aurrera berrekingo diote, “soilik herri bakoitzean dagoen bilketa-egutegia” jarraituz. Hala, hondakin mota hori ateratzerako garaian, egutegia errespetatzea garrantzitsua dela gogorarazi du Sasietak, baina oinarrizko arauak ere.
Etxeko hondakinen bilketa:
- Altzariak, koltxoiak, etxetresna elektrikoak (garbigailuak, hozkailuak, ordenagailuak, telebistak…) eta tamaina handiko bestelako traste erabilezinak jasotzen dira soilik.
- Gainerako hondakinak garbigunera eraman behar dira.
Garbigunera:
- Eskonbroak eta obratako bestelako hondarrak (tarima, bainuontzi, komunontzi, baldosa, azuleju…)
- Kristalak, ispiluak, eta objektu ebakitzaileak
- Hondakin arriskutsuak (bateriak, fluoreszenteak, pinturak…).
- Gurpilak
- Egurrezko paletak
- Arropa, jostailuak eta etxebizitza nahiz garajeetako garbiketako hondarrak.
Abisu berririk eman bitartean, arropa zaharren ohiko bilketa zerbitzuak etenda jarraituko du.